Udaberria, sasoi aldaketa baino gehiago

Udaberria, sasoi aldaketa baino gehiago
2017/03/17 eta kitto!
Udaberriak odola aldatzen du? Juan Sanchez Vallejo psikiatrak ez dauka zalantzarik: “Bai!”. Ez da literalki horrela, “baina egia da hainbat sindrome eta sintoma psikiko eta psikosomatiko jasateko sasoi aproposa dela”. Buruko kontuez gain, udaberrian ‘lagun’ gogaikarri baten bisita jasoko dute askok. Gurean dira alergiak! Miguel Angel Etxenagusia Mendaroko ospitaleko alergologoak polenekin loturiko alergien inguruan egin digu berba eta, kontatu digunez, sasoi honetan alergiak gogor datoz.

 

Imajina dezagun Vivaldiren ‘Lau Urtaroak’-eko ‘Udaberria’ entzun ahal dugula (benetan egin dezakezue) testu hau irakurri bitartean. Gorputzaren esnatzea sentituko dugu, loraldia, neguko hotza gainetik kendu eta txorien kantu artean aurrean dugun sasoiari gogotsu ekiteko nahia. Udaberriaren ikuspegi itxaropentsua, ameslaria, baina tamalez kasu askotan betetzen ez dena.

Juan Sanchez Vallejo mediku psikiatrak 44 urtetan pasatu du kontsulta, psikiatra moduan bere klinika pribatuan eta baita familia-mediku moduan anbulatorioan ere, eta berak ziurtatzen duenez, “udaberrian zefalea, migraina, gastritis, neke, depresio eta antsietate kasuak bikoiztu egiten dira”.

Udaberria eta udazkena bezalako klima aldaketa sasoietan ohiko sintoma psikosomatikoak dira zefalea eta migraina. Gainera, Sanchez Vallejok azaltzen duenez, “erreflexu neurobegetatibo hauek gastritis, neke muskular garrantzitsua, gonbitoak eta abar sor ditzakete”.

Gaixotasun neurobegetatiboez gain, “gaixotasun psikikoak” daudela dio Sanchez Vallejok. Antsietatea, adibidez, “eta larritasun krisian, izualdi krisian eta bertigoan amaitu daitekeen sintoma da”. Berdin dio depresioaren inguruan. “Psikiatrek udazkenean baino depresio kasu gehiago ikusten ditugu udaberrian”.

 

Udaberriko sindromeen kausak

Zientziak oraindik ez ditu udaberriko sindromeen kausa zuzenak zeintzuk diren argitu. “Medikuek ezagutzen ez ditugun hainbat sentsore ditu giza gorputzak”. Hala ere, “udaberrian eta udazkenean depresio eta euforia patologikoen kasuak bikoizten dira”, Sanchez Vallejoren esanetan. “Objetibatu daitekeen datua da, neurtu daiteke”.

Sanchez Vallejok burmuinaren erdialde fisikoan dagoen guruin pineala edo epifisian jartzen du fokua. “Giza gorputzak jasotzen duen eguzki-argiaren bariazioak antzematen ditu”. Argitasunaren organo gidaria da, bere hitzetan. “Argiaren arabera organo honek euforia edo depresioa sortzen duen susmoa dago”. Hala ere, ez dagoela frogatuta azpimarratzen du hori.

Eta konponbideak? Udaberriko sindrome hauen kausa zehatza zein den jakin gabe, ezin dira prebenitu. Erremedio sintomatikoak daude, kausalak baino. “Hau da, buruko mina badaukazu, aspirina hartzen duzu; depresioa badaukazu, antidepresiboak; eta tripako minarekin, babesle gastrikoa”.

 

Udaberriko astenia, bai

 

“Udaberriko astenia existitzen da”, dio Sanchez Vallejok, “depresioa, adibidez, astenia psikofisikoa da”. Gizakiak depresioarekin, “maila mentalean batez ere”, presio beherakada handia jasaten du, “eta tontotuta, oso nekatuta... sentitzen da. Hori da astenia, nahiz eta kalean nekea bezala ezagutzen dugun”.

Kasu honetan ere ezin du azaldu zergatik gertatzen den hori. “Argitasun fenomenoek, fenomeno atmosferikoek edo bestelakoek eragina izan dezakete, baina ez dakigu ziur”.

 

Ordutegi aldaketaren eragina

Martxoaren 26an udako ordutegia hartuko dugu ordularia ordubete aurreratuz. Sanchez Vallejoren ustetan, honek pertsonengan eragina dauka, “baina parrandari dagokionean; arratsaldetan gehiago gozatzeko, pasiatzeko, txikiteoan egiteko aukera ematen digulako, eta kitto!, beste barik”, dio txantxetan. Beraz, ordu aldaketak ez du egunerokotasunean gorabehera handirik eragiten.

 

 

ALERGIAK

 

Alergiak, udaberriko amesgaiztoa

 

Polena landare hazidunen anteretako zelula amen meiosiaren ondorioz eratutako gorputz txiki eta forma aldakorrekoa da; edo askok esango luketen moduan, jokaldi makurra. Polen klase asko daude, baina horietako batzuen eragina sentitzen hasiak dira jada polenari alergia dutenak.

Miguel Angel Etxenagusia Mendaroko ospitaleko alergologoak adierazi digunez, “neguaren amaieran zuhaitzetako polena ikusten da. Pinuaren polena ikusten dugu orain eta apirilean urkiaren polena egoten da”. Horren ostean, maiatzean eta ekainean, “graminiak hasten dira”. Jendeak “polenari alergia diot” dioenean polen mota horrii buruz ari da, Etxenagusiak argitzen duenez.

Alergologoak adierazten du pinuaren polena nahiko goiz hasi dela aurten, “eguraldi ona goizago hasi delako”. Eta adi! Izan ere, udaberriko alergien sasoia “indartsuago” datorrela dio, nahiz eta zaila den nola garatuko den aurreikustea. “Sasoian zehar egiten duen eguraldiaren arabera ikusiko dira gorabeherak”, bere esanetan.

Azken urteotan polenen alergia dutenen kopurua ez dela mugitu dio Etxenagusiak, “baina botika eta elikagaiekin zerikusia dutenak igo dira agian”. Bere ustez, “gehiago kontsultatzen da, jendea gehiago dago jakinaren gainean eta alergia gehiago diagnostikatzen dira”.

 

Alergiek bizitza baldintzatu dezakete

Alergiak zergatik sortzen diren galderak ez dauka erantzunik. “Normalean kalte egiten ez duen gauza bati ematen zaion erantzun berezia da alergia, gehiegizko erantzuna”, Etxenagusiaren berbetan. “Gorputzak defentsak sortzen ditu eta, arazoa saihestu beharrean, norberaren kalterako izaten dira, defentsa horiek norbera hondatzen dute: mukosetan, sudurrean, biriketan...”.

Alergiek “eragin dezente” daukate pertsonengan. Ikerketek diotenez, gehien ematen dena errinitisa da, sudurrekoa, eta batzuetan asma ere. “Gehienek rinokonjuntibitisa izaten dute, sudurretik eta begietatik”, medikuaren esanetan. Gainera, errinitis kronikoak eguneroko bizitzan infartu batek bezala eragiten duela ondorioztatu duten ikerketak daudela dio Etxenagusiak. “Nahiko gogaikarria da eta pazientea jota egoten da. Ez da gaixo larria, baina kalera ez irten edo kirola ez egiteko arrazoia izan daiteke”, azpimarratzen du. “Alergiak bizitza baldintzatzen dizu”.

 

Arazoak murrizteko txertoa

Alergia, agertuz gero, ez da joaten. “Gorabeherak egon daitezke, baina hor gelditzen da”, doktorearen berbetan. Mendaroko ospitalean prebentzio, tratamendu eta inmunoterapia (bakunak) zerbitzua eskaintzen dute. Alergia arazoak murrizteko, “txertoa jartzea gomendatzen dugu, egokia den kasuetan”, aitortzen du alergologoak. “Alergia dutenen %80 inguruk hobekuntza somatu du eta hobekuntza hori %80 edo gehiagokoa izan da. Beraz, merezi du”. Txertoarekin ez dira guztiz sendatzen, “baina askoz ere arazo gutxiagorekin geratzen dira”.

Udaberria ate joka dagoen honetan polena lehenago agertu bada ere, gauzak lasai daude Mendaroko ospitaleko alergologia sailean. Izan ere, medikuak dioenez udaberrian ez dute normalean baino lan gehiago izaten. Lana, orduan, alergia jasaten dutenek izango dute.