Udalak 2.000 euro bideratuko ditu La Palmako sumendiaren erupzioak kaltetutako pertsonei laguntzeko

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Udalak 2.000 euro bideratuko ditu La Palmako sumendiaren erupzioak kaltetutako pertsonei laguntzeko
ETA KITTO 2021, Ira 27

Atzo astebete bete zen Kanarietako La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendia laba botatzen hasi zela. Tarte honetan suntsituta geratu dira gutxienez 461 eraikin, eta 6.000 lagun inguruk etxea utzi behar izan dute.

Eibarko Udalak adostu du 2.000 euro bideratzea kaltetutako pertsonei laguntzeko. Laguntza hori Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, izan ere, erakunde horrek dispositibo bat jarri baitu hondamendiaren eremuan, estatu mailan egindako laguntza- eta lankidetza-deialdiari erantzunez.

Irailaren 19an, Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa hasi zen, irlan hainbat lurrikara izan ondoren. Handik ordu gutxitara, labak bere bidea egin zuen sumendiko magaletik behera, eta, egunez egun, aurrean duen guztia suntsitzen ari da, itsasorako bidean dauden herrietatik igarotzean.

Gurutze Gorria bertan ari da lanean hasieratik, irla osoko herritarren laguntzarekin. Egoera horren aurrean, eta Gurutze Gorriak irlan zabaldutako dispositiboa nolakoa den ezagututa, Udalak erabaki du laguntza humanitarioa ematea La Palmari. Laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, eta laguntza- eta lankidetza-deiari erantzuten dio. Udalaren 2.000 euroko ekarpena aurtengo udal aurrekontuetan jasotako Gizarte Lankidetzarako Proiektuen ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ partidaren kargu egiten da. Hemen Informazio gehiago

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »