Udalak Barrena kalean dagoen Hijos de A. Gabilondo enpresaren lursailak eta eraikinak erosiko ditu

Udalak Barrena kalean dagoen Hijos de A. Gabilondo enpresaren lursailak eta eraikinak erosiko ditu
2021/12/15 eta kitto!
Eibarko Udalak akordio bat lortu du Hermanos Gabilondo enpresaren jabeekin Barrena kaleko 1-3 zenbakietan dauden lursailak eta higiezinak erosteko. Horren arabera, 2.750.000 euro ordainduko ditu Udalak, "hasierako salmenta-prezioa baino askoz gutxiago",  Udaletik esan dute "erabakia beste aurrerapauso bat dela Barrena kalea eta ingurua berroneratzeko planetan, PSE-EEk eta EH Bilduk duela aste batzuk lortutako akordioaren baitan".

Mahai gainean dauden aukeren artean, egungo eraikinaren zati bat birgaitzea eta auzoari zerbitzua emango dion udal ekipamendu bihurtzea egongo litzateke; "horrek lagunduko du ingurunea biziberritzen eta udalerriko beste eremu batzuetako bizilagunentzat erakargune bilakatzen", azaldu dute. Halaber, aztertuko da lurzati horretan inguruko bizilagunentzako aparkalekua sor daitekeen.

Garai bateko industria-gunea erosteko akordioa ezagututa, Jon Iraola alkateak bere “esker ona adierazi dio lursail horien jabeei, akordioa errazteko egindako ahaleginagatik eta azkartasunagatik”. Era berean, zera nabarmendu du: “garrantzi handiko eragiketa da, eta hiriko ekialdeko eremuari eman nahi diogun aldaketa estrategikorako lehen urratsak ematea ahalbidetuko du”.

Iraolaren hitzetan, “trenbide gaineko pasealekua sortzearekin batera, Gabilondoren lursailetan sortuko den espazio berriari esker aisialdirako guneak nabarmen handitzea lortuko da, bai Eibarko herritarrentzat oro har, bai Barrenako bizilagunentzat eta haien ingurukoentzat bereziki.

Bi taldeak (PSE-EEk eta EH Bildu) bat datoz esatean "Barrena kaleko berroneratzea estrategikoa dela eta garrantzi handikoa herriarentzat", eta, horretarako, hainbat jarduketa planteatzen dituzte: espaloiak zabaltzea, bizikletentzako erreil bat egitea, arbolak landatzea eta ingurune urbanoa hobetzeko eta txukuntzeko antzeko lanak egitea.

Trenbidearen estaldura Estaziño eta Azitain artean
Era berean, akordio horrek  trenbidearen estaldura aurreikusten du Estaziño eta Azitain artean, "trenbidearen trazaduraren gaineko oinezkoen pasealekuari jarraipena emateko, aisialdirako espazio garrantzitsuak sortuz". Bestetik, Txonta auzoa berroneratzeko planak aurreikusten dira, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen sustapen bat abian jartzeko aukera emango dutenak, zeinetan Udala dagoeneko lanean ari baita", gogoratu dute.

Estaziñotik Azitainerainoko trenbidearen estaldurari dagokionez, egitasmoaren aurrekontua —hasieran aurreikusita zegoen Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana ordaintzea—17 milioi euro ingurukoa da. Orain, eta berretsi ondoren Eusko Jaurlaritzaren gestioekin kostuaren % 90 Europako funtsekin finantzatuko dutela (15.727.088 euro), bai Udalak bai Eusko Jaurlaritzak erdibana ordaindu beharko dute gainerako % 10a (% 5 bakoitzak); alegia, entitate bakoitzak 366.000 euro inguru gehi zergak. "Udalak pasealekua egiteko hasieran aurreikusitako funtsak bideratu behar ez dituenez, diru hori hiriaren ekialdean inbertituko da Barakaldo-Barrena-Azitain ingurua berroneratzeko planak gauzatzeko", azaldu dute.