Udalak zenbait ekintza antolatu ditu bonbardaketen 85. urteurrenaren harira

Udalak zenbait ekintza antolatu ditu bonbardaketen 85. urteurrenaren harira
2022/04/20 11:45
eta kitto!
Eibarko Gerra Zibileko bonbardaketen eta gerra-frontearen 85. urteurrena beteko da aurten eta, horren harira, Udalak zenbait ekintza antolatu ditu apirilaren 25etik maiatzaren 7ra bitartean. 2001. urteaz geroztik, bost urtean behin, ekintza bereziak antolatzen dituzte herrian eta, Jesus Gutierrez historialariak aurkezpenean azaldu duenez, “erronka gero eta handiagoa da”.

Aurtengo ekintzak hilaren 8an hasi ziren, Juan San Martin liburutegian egin zen ‘Hitzak, liburuak eta liburutegiak gerren aurka’ izeneko poema eta testuen irakurketarekin. Hurrengo ekintza astelehenean egingo da, hilaren 25ean, orain dela 85 urte herria suntsitu zuten bonbardeketen egunean (7.200 kilo bonba bota zituzten Eibarren). ‘Sasi artean Elgeta’ komikia aurkeztuko dute Portalean, 19:00etan. Komikiak Jazinto Rivas Sanz ‘Elgeta’ trikitilariaren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu, horietako asko Eibarren gertatuak.

 

Hiru hitzaldi

Hurrengo egunean, hilaren 26an, Jesus Gutierrez historialari eibartarrak ‘La reconstrucción de Eibar en imágenes’ izeneko hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Portalean. “Gerraren testuinguruan, ilusio eta esperantza mezua igorri nahi dut, gerrak suntsitutako herria nola berreraiki zen adieraziz”, historialariaren berbetan.

Gutierrezena ez da hitzaldi bakarra izango, hilaren 28an, eguenean, Xabier Irujo Ametzaga historialariak ‘Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937). El caso de Eibar’ izeneko hitzaldia eskainiko baitu, 19:00etan, Portalean. “Irujo gurean egotea ohore handia da, erreferentea delako. Gainera, denon ahotan egon da azken aldian, batez ere Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere herrialdean eta Gernikan gertatutakoa alderatu zuenetik. Irujo genozidioetan aditua da”, Gutierrezen berbetan.

Hitzaldiekin amaitzeko, SER irrati-katean entzun dezakegun Nieves Concrostina historian aditua den kazetariak ‘La Guerra Civil. Bombardeos’ izeneko hitzaldia eskainiko du urriaren 7an, 19:00etan, Coliseoan.

 

Antzerkia eta klariona-tailerra

Apirilaren 27an, eguaztenean, Puça Espectacles taldeak ‘Winnipeg’ izeneko antzezlana eskainiko du 20:00etan, Coliseoan. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (7 euroko Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat).

Zapatuan, hilaren 30ean, Lekim animazio taldeak ‘Eibar. Babeslekuak’ izeneko klariona-tailerra eskainiko du Untzagan eta tranpantojo bat margotuko dute Ego Gain kalean bonba batek lurrean egindako zuloa gogoratuz.

 

Bonbardaketak ezagutzeko ibilaldi gidatuak

Jesus Gutierrezek, azkenik, Eibarrek jasandako erasoak ezagutzeko ibilaldi gidatuak eskainiko ditu apirilaren 30ean (gazteleraz) eta maiatzaren 7an (euskaraz), 10:00etatik 14:00etara, Ego Gain kaletik hasita. Bertan, 1936ko abuztuaren eta 1937ko apirilaren artean herriak jasandako 29 bonbardaketak gertutik ezagutzeko aukera egongo da, toki garrantzitsuenak bisitatuz.

Ibilaldiok 16 urtetik gorakoentzat daude pentsatuta. Bi talde osatuko dira, talde bakoitzak gutxienez 6 kide izango ditu eta gehienez 20. Jarduera doakoa izango da eta izena emateko epea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik, https://formularioak.eibar.eus/es/IbilaldiaErasoak2022 helbidera formulario bat bidaliz.

Inprimakia betetzeko ez da behar ez sinadura elektronikorik, ez erabiltzailerik ez pasahitzik. Inskripzioa egiten denean datu hauek eman behar dira: izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoa. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943708435 telefonora edo idatzi mezu bat honako helbide elektronikora: kultura@eibar.eus.