Udalerriak itxita daude gaurtik aurrera Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban

Udalerriak itxita daude gaurtik aurrera Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban
2021/01/25 eta kitto!
Gaurtik aurrera, urtarrilak 25, indarrean sartuko dira Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri berriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztiak itxita daude, beraz, eta mugakide diren udalerrietara mugitzea ere debekatu da. Udalerritik atera ahalko da soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada: besteak beste, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko. Salbuetsita egongo dira baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egitea. Lekualdaketaren arrazoia justifikatu beharko da erantzukizunpeko adierazpenaren eredu batekin, beste modu batetik justifikatu ezin bada.

Bestalde, eremu publikoan zein  pribatuetan egiten diren bilera edo topaketa sozialetan gehienez lau pertsona egon ahalko dira. Gomendio gisa jaso dute espazio pribatuetan bizikidetza unitateko kideak bakarrik elkartzea.

Bi neurri horiek joan den larunbatean, urtarrilaren 23an, EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) argitaratutako dekretu berri batean kontsulta daitezke, eta bat egiten dute duela aste batzuetatik indarrean dauden murrizketekin:
- Euskadiko itxitura perimetrala (udalaren itxitura perimetrala barne). Gaueko mugikortasun-muga: 22:00etatik 06:00etara.
- Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.
-% 40ko edukiera 150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150m2-rainoko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako
- Gurtza-zentroetako gehieneko edukiera % 35ean mugatzea.
- Musika- eta ahots-entseguak eta -jarduketak etetea.
- Ostalaritza eta jatetxeen itxiera ordutegia 20:00etatik 06:00etara.

Eremu gorriko udalerriak
Zein ezberdintasun egongo da orduan eremu gorrian dauden eta ez dauden udalerrien artean? Bada, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten udalerriek ostalaritza, eta joku eta apustu etxeak itxi eta eskola kirola bertan behera utzi beharko dutela. Astelehenero eta ostegunero Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eguneratu egiten du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda hori.Hartutako prebentzio-neurriekin (maskararen nahitaezko erabilera, eskuak garbitzea, pertsonen arteko distantzia, aireztapena eta elkarbizitza-unitate bat baino gehiagoren bilerak ez egitea, batez ere barnealdeetan) zaintza ez dela jaitsi behar ohartarazteaz gain, bi lehentasun partekatu behar ditugula gogorarazi dute: “mugikortasuna murriztea eta gizarte-harremanak murriztea”.