Udaltzaingoak tabernei zortzi zigor-espediente ireki dizkie eta 20 lagun zigortu ditu asteburuan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Udaltzaingoak tabernei zortzi zigor-espediente ireki dizkie eta 20 lagun zigortu ditu asteburuan
ETA KITTO 2020, Aza 03

Udalak jakinarazi duenez, Eibarko Udaltzaingoak zortzi zehapen-espediente ireki dizkie asteburuan herriko ostalaritza-establezimenduei, COVID-19 pandemiaren eragina murrizteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-araudia ez betetzeagatik. Tabernez gain, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hogei bat pertsonari ere zehapen-espedienteak ireki dizkie araudia ez betetzeagatik.

Azaldu dutenez, ostalaritza-establezimenduei jarritako zortzi espedienteak, batik bat, honako arrazoi hauengatik zabaldu dira: terrazetan baimendutako mahaiak baino gehiago edukitzeagatik, maskarilla jarri gabe egoteagatik edo sei pertsonatik gorako taldeak egoteagatik. Ez da egon salaketarik establezimenduen itxiera-ordutegia ez betetzeagatik. Banakako zehapenei dagokienez, etxeratze-agindua ez betetzea, botiloiak egitea eta musukoa ez erabiltzea izan dira zigorra ezartzeko arrazoiak.

Datu horien berri izatean eta azken egunotako kutsatu-kopuruak ikusita, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea “gutxiengo baten” jarrerarekin kexatu da: “Nahiz eta argi laga zer egin daitekeen eta zer ez, oraindik ere batzuek ez dituzte arauak betetzen, batez ere, aisialdian eta harreman sozialetan”. Alkatearen iritziz, “jendeari kostatzen ari zaio neurriak betetzea” eta, ondorioz, “Eibarren kutsatuen kopuruak goraka egin du modu kezkagarrian”. Horren harira, arazoa ez dela isunekin konpontzen, “baizik eta erantzukizun indibidual eta kolektiboarekin, eta jendeak aholku guztiak betez” adierazi du. Ohartarazi duenez, “datu epidemiologikoak gora egiten ari dira eta, ez badugu erantzukizuna gure gain hartzen, seguru asko neurri murriztaileagoak hartu beharko dira”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »