Hondakinen gaikako bilketak %55eko muga gainditu du Debabarrena eskualdean

Hondakinen gaikako bilketak %55eko muga gainditu du Debabarrena eskualdean
ETA KITTO 2021, Ots 02

Debabarrenean 2020an hondakinen %55,26 gaika batu zuten, 2019an baino %1,24 gehiago. Herritar guztien artean 371 tonatan murriztu da birziklatu ezin diren hondakinen kopurua. Iosuz Arraiz mankomunitateko lehendakaria pozik agertu da datuekin. 2020an 2019an baino 403 tona gehiago bildu dira gaika.

“Debabarren osatzen dugun guztion emaitza da eta zentzu horretan esker hitzak ditut eskualdeko herritar guztientzat. Are gehiago hain urte berezia izan den honetan. Apurka-apurka geroz eta gehiago birziklatzen dugu, hondakinen sorrera gutxitzeko joerak hartzen ari gara eta ondorioz, gure ingurunea geroz eta gehiago zaintzen dugu. Ondo goaz, baina ezin gara erlaxatu. Mankomunitatean 2030ean %70eko biriziklapen tasan egotea ezarri dugu estrategia eran eta bide horretan atzera pausurik eman gabe jarraitu behar dugu, elkarlanean“, adierazi du Iosu Arraizek.

Aipamen berezia merezi du errefusaren zatikian lortutako hondakin murrizketak. Mankomunitateak urrian aurkeztu zuen plan estrategikoan helburutzat ezarri zen urtero errefusa edo birziklagarria ez den zatikian 522 tona murriztea. 2020an, urte erdian, errefusa 371 tonatan murriztea lortu da, ezarritako neurriei eta azken hilabeteetan egindako kanpainei esker: ostalaritzari eta saltokiei zuzendutakoa, zatiki organikoari eta kartoi komertzialari dagokienez, eta Gabonetako kanpaina, herritar guztiei zuzendua, sortutako hondakinak behar bezala birziklatzearen garrantzia azpimarratzen zuena.

2021erako erronkak
Helburu nagusia da 2020an lortutako dinamika onari jarraipena ematea. Mankomunitateak eskerrak eman dizkie herritarrei ingurumenarekiko konpromisoagatik, baina ohitura onak mantentzea eta areagotzea beharrezkoa dela azpimarratu du.

Aurten, saltoki handietan, elkarte gastronomikoetan eta arrandegietan hondakinen sorrera murriztearekin lotutako kanpainak egitea aurreikusten da. 2021an ere industrialdeetan film industrialen bilketa egitearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa baloratuko da.

Mankomunitateak jomuga du, hartutako neurrien, kanpainen eta herritar guztien inplikazioaren bidez, birziklagarria ez den errefusaren zatikia 522 tona murriztea eta proportzio berean handitzea birziklagarriak diren zatikiak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »