Urtarrilean gora egin du biohondakinen gaikako bilketak Debabarrenean eta sortutako errefusa kopurua jaitsi da

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Urtarrilean gora egin du biohondakinen gaikako bilketak Debabarrenean eta sortutako errefusa kopurua jaitsi da
ETA KITTO 2021, Mar 01

Debabarreneko Mankomunitateak emandako azken datuen arabera, “urtarrila hilabete ona izan da Debabarreneko gaikako bilketari dagokionez”. 2020arekin alderatuta, %2,2 hondakin gutxiago bildu da, bio-hondakinen gaikako bilketa %5,6 handitu da eta sortutako errefusa %2,1 murriztu da.

Mankomunitatetik adierazi dutenez, “urtarrilean 63 tona hondakin gutxiago sortu ditugu Debabarrena eskualdean, 2020an baino %2,2 gutxiago”. Mankomunitateak azaldu duenez, “baliteke gakoa Gabonetan egotea: aurten ezberdinak izan direnez, ez ditugu urte amaierako ospakizunak edo Errege Magoen eguneko jende bilketak egin, eta normalean hondakin asko sortzen da horietan”.

Halaber, urtarrilean 411 tona hondakin organiko bildu dira hiriguneetan eta poligonoetan dauden edukiontzietan, 2020an baino %5,6 gehiago. Errefusaren zatikiak, aldiz, 24 tona egin du behera, 2020an baino %2,1 gutxiago. Mankomunitateak azpimarratu duenez, “datu horiek oso positiboak dira, birziklatzeko ohiturak hobetzen ari garela adierazten baitute. Duela gutxiko ikerketa baten arabera, Debabarrenean oraindik ere edukiontzi egokian utziz gero birziklagarriak diren hondakin asko uzten ditugu errefusaren edukiontzietan. Errefusa kopurua murrizteak esan nahi du norabide egokian goazela, eta apurka-apurka gaikako bilketa handitzen ari dela. Lanean jarraituko dugu gizarteko eragile guztiak kontzientziatzeko hondakin bakoitza dagokion lekuan uztearen garrantziaz.”

Gainerako zatikiei dagokienez, gaika bildu dira 443 tona paper eta kartoi, 135 tona ontzi, 214 tona beira eta 346 tona bestelako hondakin, hala nola zura, tamaina handikoak, tresna elektriko eta elektronikoak, etab.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »