Verter Recycling-ek zabortegia zergatik jausi den ez dakiela eta horren inguruko adierazpenik ez duela egin azaldu du

Verter Recycling-ek zabortegia zergatik jausi den ez dakiela eta horren inguruko adierazpenik ez duela egin azaldu du
2020/02/17 eta kitto!
Hedabide batek gaur argitara eman duenez, istripua Ermuko bariantearen lanek eragin dutela adierazi du Verter Recycling enpresak, baina Arturo Zubiaga enpresaren bozeramaileak jakinarazi duenez, “enpresak ez du horrelako adierazpenik egin eta ez daki zabortegia zergatik jausi den”. Aurreko barixakuan aditzera eman zutenez, “Verter Recycling-ek Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura jarriko duen aditu talde bat kontratatu du, zabortegian jarduteko planak garatzeko”. Beraz, gaurko oharrean jasotakoari jarraituz, “teknikarien lana izango da kausak identifikatzea, ikerketa xehatu baten bitartez, eta enpresa bete-betean ari da lan horietan laguntzen. Egun, lehentasuna Joaquin eta Alberto erreskatatzeko eta lurra egonkortzeko lanak dira. Bestalde, enpresak kontratatu dituen adituak Jarraipeneko Batzorde Teknikoaren zerbitzura daude, halako lanetan dituzten ezagutzak eta esperientziak azaltzeko”.

Zabortegiaren kudeaketaz arduratzen den enpresak adierazpenak egin eta informazioa emateko verter.eus web orria erabiltzen dihardu aurreko asteaz geroztik. Barixakuan argitara eman zuten oharraren arabera, “istripua gertatu ondorengo lehen orduetan, enpresako arduradunen ahalegina lurpean dauden bi lankideen familiei arreta ematera bideratu zen.  Verter Recycling-ek uneoro erakutsi du agintariekin lankidetzan aritzeko asmo argia, Joaquin eta Alberto aurkitzen laguntzeko, baita hondakinak erretiratzeko eta lurra egonkortzeko lanei ekiteko ere. Inguruneari eragiten dioten emergentzia-egoeretan jarduteko protokoloei jarraikiz, lehen lanak administrazioak abiarazi zituen, Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren koordinazio pean. Lur-jausiak eragindako ezohiko egoerari aurre egiteko urgentziazko lanak izan zirenez, enpresari lehen orduetan ez zitzaion deitu jarduerarik gauzatzeko. Joan den asteazkenean egin zuten lehen bilera enpresak eta administrazioak –azken horrek deitu zuen enpresak eskatuta–. Eusko Jaurlaritzako Ingumen Saileko arduradunak izan ziren bileran, eta bi aldeek jarduketa zehatzak gauzatzea hitzartu zuten. Ildo horretan, enpresak aditu talde bat kontratatu du, antzeko egoeretan ibilbide profesional zabala eta egiaztatua duena. Talde tekniko espezializatu hori Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren zerbitzura egongo da emergentzia kudeatzeko Batzorde Teknikoak, Jaurlaritzak eskatuta osatu denak, egingo dituen lanetan. Jakinarazi denez, berehala hasiko dira lan horiek. Verter Recycling Jaurlaritzaren esanetara jarri da, hark proposatu baitio gutxienez emergentzia-egoera honetako lehen fasea zuzentzea koordinazio-batzorde bat sortuta. Hala, lanak beharrezko den azkartasunaz eta gaitasunaz gauzatu ahal izango dira. Bestalde, enpresa Ingurumen Sailak eskatu dion eta eskuragarri daukan dokumentazioa ematen ari da”.