Verterrek irabaziak ia bikoiztu egin zituen amildu aurreko bi urteetan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Verterrek irabaziak ia bikoiztu egin zituen amildu aurreko bi urteetan
ETA KITTO 2022, Ots 14

BERRIAko Mikel P. Ansa kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

2019an, Zaldibarko zabortegia hautsi aurreko urtean, 3,8 milioi euroren mozkin garbia atera zuen enpresak, eta ireki zutenetik, 15,1 milioi eurorena. Jabeek 5,5 milioi euro patrikaratu zituzten 2012tik.

 

Hautsi eta amildu ez balitz, aurten beteko zen Zaldibarko zabortegia (Bizkaia). 2011n ireki zuten, eta 35 urtez aritzeko baimena zuen, 2046 arte. Baina uste baino hiru aldiz azkarrago betetzen ari zen, eta, amildu zenean, Iñaki Arriola orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azaldu zuen erritmo berean jarraitu izan balu aurten gainezka egongo zela zabortegia eta itxi egin beharko zuketela. Zabor meta handituz zihoan erritmo berean zihoazen diru sarrerak handituz jabeentzat, eta hori erakusten dute Verter Recycling 2002 SMren kontabilitate liburuek: 2018an eta 2019an ia bikoiztu egin zituen aurreko sei urteetako irabazi garbiak.

2016 arte, urteko irabazi garbiak inoiz ez ziren 1,5 milioira iritsi. 2017an azeleratu ziren irabaziak: 1,74 milioi euro. 2018an, gehiago: 2,72 milioi euro. Eta 2019an, askoz gehiago, aurreko urtean baino milioi bat gehiago irabazi baitzuten: 3,8 milioi euro. Guztira, 15,1 milioi euroren irabazi garbiak jaso zituen enpresak 2012tik 2019ra. Eta horietatik 6,5 milioi (%43), zabortegia amildu aurreko bi urteetan.

Bada datu deigarri bat hazkunde horretan: 2019an aurreko urtean baino hondakin gutxiago jaso zituen Zaldibarko zabortegiak, 30.000 tona gutxiago. Eta, hondakin gutxiagorekin ere, 2018an baino milioi bat euro gehiago irabazi zituzten jabeek 2019an —jasotako tonako kobratzen dute zabortegiek, eta materialaren arabera—.

 

Hondakin tonako 6,2 euro

2012tik 2017ra bitartean 1,76 tona hondakin jaso zituen Verterrek, eta 8,6 milioi euro irabazi. Horrek esan nahi du jasotako hondakin tona bakoitzeko 4,9 euroren irabazi garbia atera zutela. 2018an eta 2019an, berriz, 1,05 tona hondakin jaso zituzten, eta 6,5 milioi euro garbi irabazi. Alegia, 6,2 euro hondakin tona bakoitzeko. Agiri ofizialei begiratuta, ez dago garbi errentagarritasunaren hazkunde hori nola gertatu zen —auditoriak aipatzen du gastu batzuk murriztu zituztela—. Baina kontuak berez egin litezke: amildu ez balitz eta 2022 arte erritmo berean jarraitu izan balute zaborrez betetzen, beste hamar bat milioi euro gehiagoren irabazi garbia pilatuko zuten 2022 arte.

Ahoztar Zelaieta kazetariak argitara eman ditu Verter Recyclingen 2019ko diru kontuak. 2020ko abenduan sinatu eta aurkeztu zuten 2019ko diru kontuen auditoria —Gaurve auditoreek egin dute txostena—, baina orain arte 2018 arteko kontuak soilik izan dira publiko.

 

9,5 milioi euro gordeta

Auditoreek nabarmentzen dute enpresaren egoera ekonomikoa ona zela amildu aurreko garai horretan. Finantza egoera egokia zuen luze gabeko zorrei aurre egiteko —zor hori ia erdira murriztu zuen 2019an—, enpresa abiatzeko maileguak ia kitatuak zituen… Eta 9,5 milioi euroko funts bat gordea zuen zabortegia betetzean hura zigilatu eta erabat ixteko. Kontuak egiteko: 2018an 8,5 milioi euro zituzten gordeak obra horretarako, eta horrek esan nahi du urte batetik bestera milioi bat euro gehiago atera zutela lan horietarako.

2019ko diru kontuen berri ematen du auditoreak, baina ez du aztertzen —ez dagokiolako— ezbeharra gertatu ondorengo finantza egoera. Auditoria egin zuten garaian, enpresako jabeak negoziatzen ari ziren zabortegian hildako bi langileen familiekin. Iazko irailean akordioa egin zuten, eta langileen kontrako delituagatik Durangoko Instrukzioko 1. Aretoan egiten ari ziren epaiketa itxi egin zuten. Zuhurtziagabekeriazko bi hilketa egin zituztela aitortu zuten inputatuek —Jose Ignacio Barinaga enpresaren sortzaileak, Arrate Bilbao haren iloba eta enpresaren kudeatzaileak eta Juan Etxebarria ingeniariak—, eta senideei kalte ordaina ematea hitzartu zuten: 2,75 milioi euro guztira. Verter Recycling enpresa likidatzen hasi ziren iaz —senideekin akordioa egin eta gutxira—.

Auditoriak argitzen du 500.000 euroko berme bat jarria duela enpresak, eta aktibo likidoak blokeatuta dauzkala. Eusko Jaurlaritzak hartu zituen bere gain, subsidiarioki, hildako bi langileak bilatzeko eta zabortegia egonkortu eta zigilatzeko lanak. Administrazio publikoari 30 milioi euro baino gehiago kostatu zaio zabortegia lehengoratzea.

Jaurlaritzak hiru zigor txosten irekiak ditu enpresaren kontra; Bizkaiko Diputazioak, beste bat; zabortegia egonkortu eta ixteko egindako obren kostuari aurre egin beharko diote, hildako langileen senideei kalte ordainak eman, eta Durangoko azken epaiketaren emaitzaren zain egon, beste zigorrik ere jasoko duten jakiteko. Eta, azken urteetan irabazi handiak izan bazituen ere, hemendik aurrera gastu handiak izango dituzte Verter Recyclingek eta haren jabeek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »