“WikiBizi Euskal Herria”, proposamen bat 2020ko udarako

“WikiBizi Euskal Herria”, proposamen bat 2020ko udarako
2020/07/06 eta kitto!
Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak gure herria hobeto ezagutzeko hainbat ekimen sustatu ditu, eta tartean Euskal Herriko Bidaia Gida  dago.

“2020ko uda ere berezia izango da, COVID-19 pandemiaren ondorioz bertan behera geratu direlako askotan egin ohi ditugunak: turismoa, bidaiak, jaiak… Baina guk gure herria bizi nahi dugu. Horregatik proposatzen dugu WikiBizi Euskal Herria ekimena. Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte gure herria hobeto ezagutzeko proposamenak biltzeko gunea”.

Ekimen berri honen lehenengo urratsa ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ irekia sortzea izan da. Bidaia gida ireki horretan udalerri guztiak bildu dituzte eta iturri libreetan dauden oinez egiteko ibilbideak batu dituzte. “Nahi duen orok parte har dezake bere udalerriaren inguruko informazioa hobetzen (zer ikusi, nola mugitu, non jan...), baita ibilbideak sortzen edo dauden ibilbideen argazkiak egiten eta partekatzen ere”, azaldu dute. ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ bertan kontsultatu daiteke: eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Herriko_bidaia-gida

WikiBizi proiektuaren bigarren ardatza argazki lehiaketa izango da. Irailaren 30era egingo da, eta hiru kategoriatan parte har daiteke: Natura, Ondarea eta Kultura. Lehenengoan, Euskal Wikilarion Kultura Elkartetik azaldu dutenez, Euskal Herriko naturari buruzko argazkiak bidal daitezke, baita aipatutako ibilbideetako naturarenak ere. Bigarrengoan, babestutako ondarearen argazkiak bilatzen dituzte, aurreko urteetan WikiLovesMonuments lehiaketan bezala, baina uda osoan zehar. Azkenik, hirugarrengoan, aurreko urteetako jaien, ondare immaterialaren eta, oro har, kulturarekin lotutako argazkien bila ari dira. Lehiaketaren inguruko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke: wikibizi.eus

Azkenik, WikiBiziren azken ardatza udan zehar egingo diren zuzeneko ekimenak izango dira. Argazki ibilbideak, dokumentazio txangoak eta museoekin euren fondoen ezagutza bultzatzeko ekimenak egingo dituzte. Horien gaineko agenda osatzen ari dira oraindik ere.

Euskarazko Wikipedia

2001. urtean sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 306 hizkuntzatan argitaratzen da eta 2003tik euskaraz ere argitaratzen da. Euskarazko Wikipediak 362.000 artikulu ditu gaur eta astegunetan 100.000 bistatik gora izaten ditu. Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 31 postuan dago , malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik (29. postura ere heldu da tarteka). Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 40 Wikipedien artean ere badago. Euskarazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat, eta hainbat gaitan aitzindaria da, tartean artikuluen kalitate neurketa automatikoan, Wikidataren erabileran edo hezkuntza proiektuetan, Txikipedia bezalako haur entziklopediari esker.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarion Kultura Elkartearekin, Euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horri esker, Euskarazko Wikipediak kalitatezko jauzi garrantzitsua egin du; WikiBizi esparru horretan garatzen diren ekimen ugarietako bat da.