Zaborren tasa %5’8 igoko dute

Zaborren tasa %5’8 igoko dute
2016/11/04 eta kitto!
Zaborren bilketa zein birziklatze sistemak hobetzeko aitzakiarekin, zaborren tasa %5'8 igotzea erabaki zuen Mankomunitatearen batzar nagusiak urriaren 19an egindako ezohiko bilkuran. Aditzera eman dutenez, 2017an txipdun edukiontzi grisa ezarriko dute birziklatu ezin daitezkeen hondakinak batzeko eta, horrekin batera, papel/ kartoiaren eta ontzien bilketen maiztasuna %40 handituko dute: "Gaikako bilketa hobetzeko eta birziklatze-tasak handitzeko inbertsio eta zerbitzuak areagotzeak eragin du tasak igotzeko premia izatea. Azken batean 2020rako Europar Batasunak alor horretarako ezarritako helburuak gainditzea da asmoa".
Deban eta Mutrikun aurten hasitakoaren bidetik, datorren urtean Debabarreneko gainontzeko herrietan ere kontenedore grisak ipintzen joatea aurreikusi dute eta, zerbitzu horretarako kontenedoreak erosteak bakarrik 700.000 eurotik gorako inbertsioa eskatuko du. Hortik aparte beste 145.000 eurotik gora beharko dituzte prestakuntzarako, sentsibilizaziorako eta erabiltzaileei arreta eskaini ahal izateko.