Zaharren egoitzak senitartekoen bisitak jasotzen hasiko dira, segurtasun-neurri handiekin

Zaharren egoitzak senitartekoen bisitak jasotzen hasiko dira, segurtasun-neurri handiekin
2020/06/08 eta kitto!
Gaurtik aurrera, zaharren egoitzetan senitartekoen lehen bisitak jasoko dituzte. Egoiliar bakoitzeko pertsona bat sartu ahalko da bisitan, protokolo eta segurtasun neurri zorrotzak jarraituz. "Hain zuzen ere, neurri horiek ziurtatu beharko dituzte zaharren egoitza guztiek, senide eta gertukoen sartu-irtenak baimendu aurretik", azaldu du Markel Olano Gipuzkoako diputadu nagusiak.

Olanoren hitzetan, "kutsatzeen itzulera saihesteko eta, egongo balira, azkartasunez erreakzionatu eta gaitzari eusteko ahaleginean, teknologia ere oso lagungarria gerta liteke", Horregatik erabaki dute Donostiako Txara II egoitzan esperientzia pilotu bat martxan jartzea, Gertek enpresaren sarrera eta irteeren kontrolerako sistema ezarriz. Datozen hilabeteotan frogaren emaitzak aztertuko dira eta, positiboak balira, egoitza gehiagotara zabaltzeko aukera aztertuko da.

Sistema honekin, kamera baten bitartez eraikinean sartzera doan pertsona identifikatzen da eta, aldi berean, bere gorputzeko tenperatura neurtzen da. Oinarri duen plataforma digitalak informazioa jaso eta testuinguruan kokatzen du; esate baterako, pertsona hori zenbat aldiz sartu den, norekin egon den eta aldi berean zeinekin partekatu duen espazioa kokatuz. Informazio horrek guztiak lagunduko luke erantzun azkarra ematea pertsona batek sintomak izango balitu edo COVID-19an positibo emango balu.