"Zaintza-lanak berdintasunean" adierazpena onartu du Udalak, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginik

"Zaintza-lanak berdintasunean" adierazpena onartu du Udalak, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginik
2021/03/08 eta kitto!
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Eibarko Udalak “Zaintza-lanak berdintasunean. Emakumeen papera Pandemian eta zaintza-lanen Krisi Globala” izenburuko adierazpen instituzionala onartu du. Horrekin batera, Andretxeak, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta Arrate Kultur Elkarteak ere hainbat jarduera antolatu dituzte, hilabete osoan zehar egun hori gogoratzeko.

Udalbatzak onartutako adierazpenean jasota dagoenez, “pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza".

Manifestuak horrela jarraitzen du: “Gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero”. Idatziak dioenaren arabera,“bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko".

Adierazpena onartzearekin batera, Udalak hainbat konpromiso hartu ditu: zaintza-lanen antolamendu sozialaren ereduari buruzko eztabaida ikuspegi feministatik bultzatzea; kolektibo ahulenen egoera eta premiak, eta COVID-19ren ondorioak, genero-ikuspegitik aztertzea, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak abian jartzea; onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea; eta Udalaren Berdintasun-Planetan berariaz eragitea, emakumeen ahalduntzean, zaintza-lanen balioan, eta lan horien dagokienez gizonek duten erantzukidetasunean.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, datozen egunotarako hainbat jarduera prestatu dituzte Berdintasun Saila-Andretxeak, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta Arrate Kultur Elkarteak eta horiek guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun-neurriak zorrotz beteta egingo dira.

EGITARAUA      


- Martxoaren 12an (barixakua), 18:30ean, hiru erakusketa inauguratuko dira Portalean: “Itsaspeko bihotzak areto literarioa”, “Emakume asmatzaileak”, eta "Adierazi ez dena”. Hilaren 30era arte egongo da bisitatzeko aukera.

- Martxoaren 18an (eguena), “Erroa eta geroa” izeneko dokumentalaren emanaldia eta mahai-ingurua egingo dira, 18:30ean, Portaleko Areto Nagusian.

- Martxoaren 22an (astelehena) "Zaintza-lanen demokratizaziorantz" izenburuko hitzaldia egingo da, 18:30ean Portalean.

- Martxoaren 24an (eguaztena), “Koronbirusarekin ere bidea egiten badakigu" izenburuko tailerra egingo da Portaleko erakusketa aretoan, 18:30ean.  Parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da 688 85 34 40 edo  943 54 39 38 telefono zenbakietara deituz, edo mezu bat bidaliz andretxea@eibar.eus helbidera (martxoaren 19a baino lehen).

- Martxoaren 30ean (martitzena), "Mujeres al cuadrado 2010-2020" zine-forum saioa egingo da, Portaleko areto nagusian, 18:30ean.

Aipatutakoez gain, Berdintasun Saila-Andretxeak, Juan San Martin Udal Liburutegiarekin batera, martxoaren 8ko irakurketa-gida bat prestatu eta www.eibar.eus webgunean eskuragarri ipini du.