Zaldibar Argitu plataformak lan-uztea deitu du martxoaren 12rako, 12:00etatik 15:00etara

Zaldibar Argitu plataformak lan-uztea deitu du martxoaren 12rako, 12:00etatik 15:00etara
ETA KITTO 2020, Mar 05

Bihar hilabetea beteko da Zaldibarren zabortegia hondoratu eta milaka tona hondakinen azpian bi behargin, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertarazi eta lurperatuta geratu zirenetik. Harrezkero hamaika mobilizazio egin dira Eitzaga inguruko herrietan, tartean Eibarren, desagertutako bi beharginak lehenbailehen erreskatatzea eta Zaldibarren zer gertatu den argitzea eskatzeko. Baina ezbeharra gertatu zenetik hilabete oso bat igaro arren, bi eskaera horiek erantzun barik jarraitzen dute eta, hori ikusita, datorren asterako lan-uztea deitzea erabaki du Zaldibar Argitu herri-plataformak, gaur arratsaldean Eitzagan emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez: hiru orduko lan-uztea izango da, martxoaren 12an (eguenean), 12:00etatik 15:00etara bitartean eta plataformatik lan-uztearekin bat egitera deitu dituzte herritar guztiak, baita datozen egunotarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera ere.

Agerraldian esandakoaren arabera, “zabortegia erori zenetik hilabete pasatu den honetan, gauza gehiegik jarraitzen dute argitu gabe. Erakundeek normaltasun eta egonkortasun irudia eman nahi badute ere, ezin dugu ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu, oso larria izan da gertatu dena eta oso larria izaten jarraitzen du. Hasteko, langileak oraindik desagertuta daude. Eman diren azalpen teknikoak oso mugatuak izan dira eta herritarren kezka nagusiei ez zaie erantzun. Erantzukizun politikorik ere inork ez du hartu eta hori onartezina da gaur egungo gizartean. Higiene demokratiko hutsagatik, dimisioak mahai gainean jarri behar dituzte eta Verter enpresaren auzian egon diren praktika irregular guztiak zehatz-mehatz argitu, informazio publiko eta gardenaren bitartez”.

Gauzak horrela, martxoaren 12ko lan-uztea deitzeko arrazoiak eman dituzte: “Gure eskakizunak mahai gainean jartzeko eta erreala ez den normaltasuna eteteko, dei egiten diegu Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabiko herritarrei martxoaren 12an paro herritarra egitera, eguerdiko 12etatik 15etara bitartean. Nahikoa dela esateko guztia geldituko dugu. Behingoz erantzuleak mugitu daitezen, guztia geldituko dugu. Goizeko 12:30tan mobilizazioak antolatuko dira inguruko herrietan, eta arratsaldeko 18:00etan mobilizazio bateratua egingo dugu Eibar eta Ermua arteko rotondatik abiatuta. Bertan parte-hartzera animatzen ditugu inguruko herritar guztiak, erakundeak mugiarazteko eta Zaldibarkoa errepikatu ez dadin neurri zehatzak hartzeko. Era berean, eragile sozial eta sindikal ezberdinei eskatzen diegu batu daitezela gure deira, indarrak batzea eskatzen baitu egoerak. Eta bukatzeko, gainontzeko herriak ere elkartasunez mobilizatzera animatzen ditugu, hondakinen kudeaketak denoi eragiten digulako”.

Martitzenean Arrate Kultur Elkartean egindako batzar irekian azaldutakoaren arabera, “paro herritarra deitzeko, sindikatuen babesa daukagu. Beraiekin bildu gara eta proposamena gustora eta ilusioz jaso dute. Honako sindikatu hauek babestuko dute paroa: LAB, ELA, CCOO, Steilas eta ESK. Era berean, beste herriekin koordinazio mahai bat osatu da eta lan-uztearen proposamenera Zaldibar, Ermua, Mallabia eta Elgetako herriak ere batu dira. Eta Guraso Elkarteekin ere bildu gara eta jarrera positiboa erakutsi dute paroari begira”.

Hurrengo mobilizazio eta ekimenak

  • Bihar (barixakua, martxoak 6), lore-eskaintza egingo da Eitzagan, 18:00etan.
  • Horrez gain, bihar (barixakua) 19:00etatik 21:00etara eta zapatuan 12:00etatik 14:00etara plataformak balkoietan ipintzeko egin dituen banderolak saltzen egongo dira Untzagan (Guridi inguruan).
  • Martitzenean (martxoak 10) asteroko bilera irekirako ordua aurreratu egin da: 18:00etan hasiko da, Arrate Kultur Elkartean (1. pisuan). Izan ere, egun horretan Ipuruan Eibar eta Real taldeen arteko partidua jokatuko denez, aurretik (19:30ean) kontzentrazioa egingo da Xania taberna parean.
  • Eta eguenean (martxoak 12) lan-uztea, 12:00etatik 15:00etara. Eibarko mobilizazioa 12:30ean izango da (Untzagatik) eta 19:00etan mobilizazio bateratua egingo da, Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik hasita.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »