Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu dute perituek

Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu dute perituek
2022/01/31 16:57
eta kitto!
BERRIAko Imanol Magro Eizmendi, Iñaki Petxarroman eta Mikel P. Ansa kazetariek landu dute artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Zaldibarko zabortegia zergatik erori zen argitu dute Espainiako Gobernuko Cedex esperimentu zentroko peritu txostenean. Agerian utzi ditu kudeaketan egindako akatsak eta kontrolik eza. Bideoa, albistearen barruan.

 

Proiektu teknikoetan mamitzen hasi zenetik amildu zen arte, akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta pilatu ziren Zaldibarko zabortegian. Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak, Cedexek, epailearen aginduz egindako peritu txostenak agerian utzi du Verter Recycling 2002 SM-k kudeatu zuen zabortegiaren ibilbide osoan izan zirela akatsak. Eta maila guztietan egin zituzten, gainera: proiektu teknikoetan, hondakindegiaren kudeaketan eta jardueraren kontrol publikoan.

BERRIAk eskuratu du epailearen esku dagoen dokumentu mardul hori, eta xeheki azaltzen du zergatik amildu zen zabortegia duela bi urte, 2020ko otsailaren 6an. Isurtegiaren azpian jarritako geomintza ez zen proiektu teknikoan zehaztutako bera, eta horrek nabarmen gutxitu zuen hondakinen euste ahalmena, hondakinak altuera jakin batetik behera amiltzea eragiteraino. Zabortegia atalka zigilatu ez izanak ere ur emari gehiegizkoa biltzea ekarri zuen, eta horrek eragin handia eduki zuen instalazioaren egonkortasun faltan. Ondoko lerroetan laburbilduta dago perituen txosten mardularen edukia.

 

Akatsak, hasieratik bertatik

zaldibar berria1

Cedexek egindako peritu txostenaren arabera, Zaldibarko zabortegiaren haustura translazio mugimendu bat izan zen: zabortegiaren masa iragazte paketearen gainera irristatu zen. Horren arrazoiak hauexek izan ziren, Espainiako Gobernuko zentro horretako ikertzaileen arabera: zabortegiaren oinarrian jarritako inpermeabilizazio multzoaren erresistentzia ezaugarriek zabaldu zioten bidea irristatzeari. Erorketa eragin zuena, berriz, zaborraren altuera izan zen: 383 metro 445 metroraino betetzeko diseinatuta zegoen.

Aldi berean, beste faktore bat ere izan zen: zabortegiaren barruan topatu zuten ura. Txostenean aipatu dute horren inguruko informazioa falta dela. Azkenik, aurretik Eusko Jaurlaritzak eskatuta Kantabriako eta Bartzelonako unibertsitateetako irakasle batzuek egindako txostenen arrazoiekin bat eginda, aipatu dute isurtegiaren oinarria bi aldeetatik geomintz zimur edo testurizatuarekin estali beharrean, alde zimur bakarrekoarekin (zazpi fasetan) eta bi aldeetan leuna zenarekin estali zutela (bi fasetan). «Horrek eragin zuzena izan zuen zabortegiaren egonkortasunean», ondorioztatu dute.

 

Moldaketa garrantzitsuak Proiektu Aldatuan

Geyser HPC enpresak 2007an jaso zuen Verter Recycling 2002 SMren enkargua zabortegiaren eraikuntza proiektuaren diseinua eta ustiatze prozesuaren aholkularitza egiteko. Horren ondorioz, Zaldibarko zabortegiaren proiektua —LKS ingeniaritzak 2004an egindakoa— aldatu zuen 2008an, eta Cedexen txostenak akats esanguratsuak topatu ditu Geyserren lan horretan. Besteak beste, zabortegia isolatzea bermatu behar zuen geomintza motaren inguruan. Izan ere, proiektuaren pleguetan bi aldeetatik geotestil zimurrak erabiltzeko betebeharra ezarri arren, Geyserren agirietan ez da horren garbi azaltzen betebehar hori.

Besteak beste, erreferentziak aurkitu dituzte ingeniaritza horren dokumentazioan, bai mota horretako geomintza jartzeari buruz, eta baita alde zimur bakarrekoei buruz ere. Areago, peritu txostenak nabarmendu du Geyserrek aurreikusitako aurrekontuan ez dela jasotzen bi aldeetatik zimurra den geotestil horren aipurik. «Litekeena da Proiektu Aldatua osatzen duten hainbat agiriren arteko koherentziarik ezak eragina izatea deslizamenduan, eta garrantzi handia izatea zabortegiaren hausturan», nabarmendu du perituak.

Geyserren proiektuan egindako egonkortasun ikerketa, gainera, «osatu gabe» dagoela ondorioztatu du Cedexek, eta, beraz, «partzial eta zalantzazkotzat» jo ditu hark ateratako ondorio guztiak: «Ohiko egoera bakarrik jasotzen du, eta ez du jaso drainatze sistemaren akatsen ondorioz gerta zitekeen istripu bati dagokion kalkulurik».

Atal horretan, Cedexek garrantzi handia eman dio segurtasun faktorearen kalkuluari. Izan ere, Geyserrek kalkulatu zuen instalazioaren segurtasun faktorea 1,30ekoa zela, baina Garapen Teknikoko zirriborroak gutxienez 1,50eko segurtasun faktorea eskatzen du, eta hori are eta txikiagoa da zabortegiaren jatorrizko proiektukoa baino.

Horretan eragin handia izan zuen geomintz zimurrak erabili ez izanak. Izan ere, Cedexek ondorioztatu du interfaze kritikoan —zabortegiaren punturik ahulena bi aldeetatik zimurtutako geotestilak jarri izan balituzte zabortegiaren geometria «egonkorra» litzatekeela, 2,50eko segurtasun faktorea izango zukeelako. «Alde leun bat duen geomintza jartzeak 1,0ko segurtasun faktorea dakar; hau da, betetze kota ezberdinetan potentzialki ezegonkorra den egoera bat».

 

Kontrol eskaseko jarduera

zaldibar berria2

Eraikuntza eta ustiaketa

Proiektuaren plano eta pleguei jarraitu beharko lieke Zaldibarkoaren moduko instalazio baten eraikuntzak, baina kasu honetan aldaketa esanguratsuak egin zituzten, bereziki isurtze ontziaren inpermeabilizazioari dagokionez. Hura babesteko geomintza ez zen proiektu teknikoetan zehaztutako bera, eta ezta haren goiko geruzetan erabilitako materialak ere. Geomintzaren aldaketa horrek eragin handia eta zuzena izan zuen zabortegiaren ezegonkortasunean.

Eraikuntzan ez ezik, zabortegia ustiatu zuten urteetan ere (2011tik 2020ra) irregulartasun eta gabezia asko topatu ditu Cedexen perituak. Besteak beste, oroitarazi du zabortegi guztiek eduki beharko luketela auskultazio plan bat, eta gogoratu du Zaldibarko instalazioak ez zeukala halakorik. Auskultazio planak ziurtatu beharko luke zabortegiaren ustiaketa eta eraikuntza bat datozela pleguekin eta erakundeek baimendutako proiektuarekin.

Horrek zerikusi zuzena izan zuen zabortegiaren egonkortasunari egin zitzaion jarraipenean. Besteak beste, perituak aztergai izan ditu makila neurtzaileen bidez zabortegian jasotako lur mugimenduei buruzko dokumentuak. Eta ondorio argia atera du: ustiatutako zabortegian ez zen nahikoa makila jarri lurra nola mugitzen ari zen aztertzeko, eta, gainera, makilen banaketa «desegokia» izan zen. «Zabortegiaren behealdean bakarrik egon ziren neurgailuak denbora luzez, eta ezpondak kontrolik gabe utzi zituzten luzaroan». Halaber, neurgailu horien mugimenduei buruz egindako irakurketak —besteak beste ingurumen zaintza planetan egindakoak— «irregularrak» izan zirela uste du perituak, eta denbora luzeegia utzi zutela batetik bestera, bereziki 2018tik aurrera.

Cedexen esanetan, kasu handiagoa egin beharko zieten zabortegian ia hasieratik atzeman zituzten lur mugimenduei. Izan ere, X-Y-Z planoan —plano horizontalean—, zabortegitik ertzetara, mugimenduak atzeman zituzten ustiaketa hasi eta aski berehala. Horrek hondakinen portaera «ez-normala» erakusten duela adierazi du perituak. 2018tik aurrera, maldan beheranzko mugimenduak ez ezik, behetik gorakoak ere atzematen hasi ziren. Mugimendu horiek «ezohikoak» direla ohartarazi dute adituek.

2020ko otsail hasieran, zabortegia hautsi aurreko egunetan egindako ikerketetan, gainera, mugimenduen abiadura biziki azkartu zen. Urtean batez beste 0,1 eta 0,3 metro mugitu izan zen zaborra ordura arte, eta egun haietan 2,2 eta 3,5 metro arteko mugimenduak atzeman zituzten. «Berehalako ezegonkortasunaren seinalea zen hori». Arrakalak atzeman zituzten zabortegian garai hartan, eta horregatik egin zituzten auskultazio haiek.

Horizontalean hondakinek izan zuten mugimenduaren jarraipen falta gaitzetsi du Cedexek, bere ustez egonkortasunari buruzko zalantzak piztu behar zituelako, eta, beraz, bestelako tresneriaren bidez egin beharko zitzaiolako jarraipena, inklinometroak erabiliz, esate baterako. Horrekin, azaleren berehalako irristatzeak atzeman ahal izango ziren, perituen iritziz.

Zabortegiaren gainaldea zigilatu ez izana ere kritikatu du perituak, arauak eta obra proiektuak behartzen zutelako erabilitako 10.000 metro koadroko azalerak zigilatzera. Hori egin ez zutenez, piezometroak erabili beharko zituzketela uste du txostengileak, zabortegiaren barruko ur kantitatea kontrolatua izateko.

Beste kritika zorrotz bat ere egiten die Cedexek zabortegiaren kudeatzaileei. Izan ere, zabortegia hautsi bezperan arrakalak kontrolatzeko egin zituzten azterketetan atzemandako mugimenduen abiadurak berehalako alarma piztu beharko ziekeen kudeatzaileei. Peritu txostenaren arabera, egun hartan bertan Zaldibarren hondakinak isurtzen jarraitzea galarazi behar zen, eta baita kamioiak eta pertsonak bertara sartzea ere.

Kalkulu oker asko

Lurtek geoteknia aholkularitza enpresak Zaldibarko zabortegiaren egonkortasun ikerketa egin zuen 2019ko maiatzean. Aldatutako proiektuaren ezaugarri nabarmenenak txertatu zituen bere kalkuluetan; esaterako, alde leun bat zuen geomintzaren erabilera. Ikerketa hartan, Lurtekek ondorioztatu zuen zabortegia egonkorra zela, eta beteta gero ere egonkorra izaten jarraituko zuela. Cedexek, ordea, baieztapen horiek ukatu ditu: azaldu du Lurtekek kalkuluak gaizki egin zituela, eta, beraz, atera zituen ondorioak ez direla zuzenak.

Cedexek berriz egin ditu kalkuluak, lagin zabalagoa hartu eta aldagai gehiago sartuz, eta emaitza oso ezberdinak lortu ditu. Peritua oso zorrotza da bere azalpenean: «Ezberdintasun horren arazo larria da Cedexek lortutako segurtasun faktoreek agerian uzten dutela zabortegian 2019an oreka oso eskasa zela, eta epe luzean ezegonkorra». Eta hau da ondorioa: «Antzemandako hutsak ez balitu, Lurteken txostenak ezegonkortasun posible horren berri eman beharko zukeen».

Lurteken txostena ez da txikikeria perituarentzat. Ikerketa egin eta zortzi hilabetera amildu zen zabortegia. Haren azterketak eta kalkuluen errepikapenak atal propioa dute ikerketan. Ez da gutxiagorako, Lurteken eta Cedexen kalkuluetatik eratorritako segurtasun faktoreetan alde handia baitago, eta gehienetan Lurtekenak txikiagoak dira. Komeni da gogoratzea 1eko segurtasun faktorea dela orekaren muga, eta Cedexek 1,50eko edo 1,60ko segurtasun faktorea gomendatzen duela Zaldibarkoaren gisako zabortegientzat. Bada, perituaren kalkuluaren arabera, 2019an zabortegiak inpermeabilizazio geruzan zuen segurtasun faktorea 1,10ekoa zen, eta behin beteta 0,95ekoa izango zen: «Emaitza hauen arabera, zabortegia beteta, bere azken egoeran, ezegonkorra izango zen, eta, horrenbestez, haren geometria aldatu beharko zatekeen».

Emaitza horiek zerikusi gutxi dute Lurteken kalkuluekin: 1,50eko eta 1,70eko segurtasun faktorea kalkulatu zuen 2019rako, eta 1,50ekoa zabortegiaren amaierarako. Hainbesteko aldea da, perituak ez baitu ezkutatu harrituta dagoela. «Kalkulu okerrak» direla dio, eta Lurteken teknikariek ohartu beharko zuketela kalkulu horiekin 1,50 inguruko segurtasun faktoreak lortzea «ezinezkoa» zela. Argudiatu du segurtasun faktorea lortzeko ekuazioa ezaguna dela, eta hura aplikatzean «eginiko hutsaz» konturatu beharko zuketela, eta ziur asko lotura izango zukeela gerora jazo zirenekin.

Cedexek, halaber, bere eta Lurtekek eginiko kalkuluen arteko aldeak azaldu ditu. Hasteko, zehaztu du Lurteken datu berak aztertu dituela, baina aldagai gehiago gehitu dituela kalkuluetan. Beste alde handia laginaren tamaina da. Izan ere, Lurtekek zabortegiaren 25 xerra aztertu zituen bakarrik; Cedexek, berriz, 100 eta 200 artea aztertu ditu. Kalkulu batzuetan, esaterako, Lurtekek 5.000 gainazal puntu aztertu zituen; Cedexek, berriz, 50.000. Dena den, perituaren arabera, kalkuluetan aurkitutako hutsak, batez ere, «inpermeabilizazio paketeko deslizamendu azalen modelizazioari dagozkio».

Cedexen perituen ustez, zabortegia erori izanak berresten du bere kalkuluak zuzenak direla. Horrela mintzo da 2019ko egoeraz: «Oreka eskasean zegoen, gerora luizia eragin zuena bezala». Perituek uste dute haien kalkuluek «errealitatea zehazki erakusten» dutela. Lurteken kalkuluekiko aldearen zergatia ez dute baloratzen, ezta zergatik aukeratu zituen ere toki jakin batzuk neurketak egiteko. Ondo bidean, epaiketan argituko da hori.

Uraren eragina: putzu handi bat?

zaldibar berria3

Zabortegia amildu zenean, alboko zelai batzuk lokatz trinkoz beteta agertu ziren. Sorospen lanean ibilitako suhiltzaileek ere aipatu zuten lokatz asko zegoela. Berez ez luke deigarria izan behar, baina hilabete pasa zeraman inguruan euririk egin gabe. 2020ko urtarrila oso lehorra izan zen; beraz, nondik atera zen ura? Erantzun posible bakarra zabortegitik atera izana da, eta hala uste dute Cedexeko ikerlariek ere. Are gehiago, uste dute urak «eragin handia» izan zuela luizian, baina hipotesi moduan planteatzen dute, 2019an Verterrek ez baitzuen egin zabortegi barnean pilaturiko uraren neurketa edo azterketarik. Hori dela eta, ikerlariek ezin dute ebatzi zenbateko eragina izan zuen hausturan.

Ura zabortegien etsai naturala da, eta barruan pilatzeak arrisku handia du. Modu askotan sar daiteke ura: euriaren eraginez, hezetasun handiko zabor edo lurrak sartuta... Eta hura ateratzeko drainatze sistemak izaten dituzte. Sistema horiek oso garrantzitsuak dira, Cedexek dioen bezala, zabortegi barneko uraren maila igotzeak «nabarmen» murrizten duelako azpiegiturak labainketa eragozteko duen ahalmena. Eta zabortegi barruan urik ba al zegoen pilatuta? Perituek baietz uste dute: «Litekeena da ura egotea eta horrek eragina eduki izana lerraduran». Nabarmentzekoa da perituak ia urtebete geroago joan zirela zabortegira, eta, haustean, pilatuta bide zegoen ura irten egin zela.

Eta nola da posible hori ez jakitea? Perituak argi azaldu du. «Ikusi da ez zegoela hondakin masaren barneko uraren kontrolik, nahiz eta aurreko urteetako balantze hidrikoek zalantzak sortu. Alde horretatik, kontrol piezometroak instalatzea da ur maila neurtzeko modu onena». 2019an Verterrek ez zituen eman datu horiek, edo ez zizkion inork eskatu. Cedexek adierazi du ez dakiela zein den datu horiek ez eman izanaren arrazoia. Era berean, esan du 2019ko azaroan ohi baino askoz euri gehiago egin zuela, eta ez da baieztatzen ausartu euri hori zabortegitik behar bezala irten zen edo ez. Alde horretatik, argudiatu duen gauza bakarra da 2016an, hiru urte lehenago, antzeko euri kantitatea egin zuela eta orduan drainatzeak bere lana egin zuela. Perituak horregatik dio azaroko euri jasak eragin «potentziala» izan zuela labainketan, eta ezin dela ondorioztatu hausturan ere eragina izan zuen.

Baina Verterrek arazorik ba al zuen urarekin? Baietz dirudi. 2017an eta 2018an, balantze hidrikoa negatiboa zen, alegia, sartu baino ur gutxiago irten zen zabortegitik. Bietan diote «ura pilatzen ari zela» eta «aldi baterako» gelditzen zela barnean. Bi kasuetan, ur maila neurtzen jarraitu behar zela diote ikusketa txostenek, baina 2019an ez zen halakorik egin. Cedexek dio datu horien arabera ura pilatzen ari zela, baina hipotesi moduan aipatu du, ez baita jakin non eta zenbat pilatu zen. Hala ere, kritika gogorra egin du: «Ura pilatzen ari zen susmo hutsak, hain zuzen, neurketak ekarri beharko zituen, berbertan egin beharrekoak». Perituak «kontrolik eza» salatu du, eta, dioenez, inongo agiritan ez da ageri Zaldibarko zabortegiak pilaturiko ura neurtzeko «gailu egokirik» zuenik.

Zigilatzerik ez

Neurgailu falta ez da Cedexek uraren kontrolari egin dion kritika bakarra: zigilatze gabezia ere salatu du. Zabortegia 2011z geroztik irekita egon arren, ez zuen behin betiko zigilaturiko zatirik, eta behin-behinean zigilaturiko 4.941 metro koadro baino ez zituen, zabortegiaren azpialdean —2013an egin zen—. Perituaren ustez, zigilatzerik ez egoteak «eragin potentziala» izan zuen lerraduran, eta «erdi mailako eragina» hausturan, haren kalteak, hein batean, drainatze sistemarekin oreka zitezkeelako.

Perituen ustez, zigilatze faltak «eragin nabarmena» edukiko zuen zabortegian sarturiko urarekin, eraikuntza proiektuan drainatze sistemaren ahalaren inguruan eginiko kalkuluek zigilatze prozesu ziklikoak aurreikusten zituztelako. Zigilatzean, zabortegi zati hori erabilezin gelditzen da, eta mintz berezi batekin estaltzen da. Ondo eginez gero, ezinezkoa da ura iragaztea.

Zigilatze gabeziak duen beste bekatua zera da, agerikoa dela, begiz ikusteko modukoa. Zabortegiaren 2007ko ingurumen baimenak dio azpiegitura ustiatzean euriaren eragin zuzenaren menpe dagoen lur zatia «inoiz» ez dela izango 10.000 metro koadro baino handiagoa. Beste guztia zigilatu egin behar da, perituak dioen bezala, sartzen den urak eragina duelako zabor masan. Zenbateko eremua zuen estali gabe zabortegiak? Bada, 2018ko azken lau hilabeteetan, 60.000 metro koadrotik gora. 48 olinpiar igerilekuren parekoa da hori. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak gabeziaren berri eman zuen bere kontrol batean, baina ez dirudi Verter behartu zuenik zigilatze prozesua hastera.