Zapatuan Eibarko kaleak hartzeko dei zabala egin du Zaldibar Argitu plataformak

Zapatuan Eibarko kaleak hartzeko dei zabala egin du Zaldibar Argitu plataformak
2020/07/02 eta kitto!
Astelehenean, uztailaren 6an beteko dira bost hilabete Eitzaga auzoko zabortegia amildu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak desagertu zirenetik eta, denbora guzti honetan inork erantzukizunik bere gain hartu ez duela eta, batez ere, bi langileen gorpurik aurkitu ez dutela ikusita, gertatutako guztiaren inguruan protesta egiteko Euskal Herri mailako manifestazioa deitu dute Zaldibar Argitu herri plataformakoek zapaturako, uztailaren 4rako, 17:00etan Untzagatik abiatuta. Plataformako kideen berbetan, “familiei eta herritarrei zor zaigun errespetuarengatik, erantzukizun politikoak mahai gainean jarri behar direla aldarrikatzen dugu, beharrezkoak diren dimisioak eta azalpenak emanez. Jada bost hilabete joan dira eta senideek zein herritarrek haien lagunak non dauden jakin gabe segitzen dute. Era berean, Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa negargarriaren ondoren, kargu politiko bakar batek ere ez du dimititu. Osasun demokratiko hutsagatik, ezin dugu onartu ezer pasa izan ez balitz bezala jokatzea, zabortegiaren auzian egon diren praktika irregular guztiak zehatz-mehatz argitzeko ordua da, erantzukizunak har ditzatela nahi eta behar dugu!”.

Plataformako kideen agerralditik egun gutxira, aste honetan bertan jakin da Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling 2002 SL enpresari Zaldibarko zabortegia zabaltzeko baimena eman diola eta, anpliazioa egiten dutenean, oraingo zabortegiaren eremuan 68.555 metro koadrotan 804.000 metro kubiko hondakin metatu ahal izango dituela bertan Verter Recycling 2002 SL konpainiak. Aurreikusitakoaren arabera,  zabortegiaren haunditzea egiteko lanek 13,4 milioi euroko kostua izango dute, faseka egingo dira eta 20 hilabeteko epean hasi eta amaituko lituzkete. Verter Recycling enpresari Eusko Jaurlaritzak eman dion baimenaren harira, Zaldibar Argitu herri plataformak bere harridura azaldu du: “Oso zaila egiten zaigu ulertzea Verter enpresak egin dituen arau-hauste guztiak eta gero zabortegia zabaltzeko baimena eman izana, hain justu enpresa horri. Gainera, zabortegiak ingurumenean duen eragina areagotu egingo da”.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin ez ezik, gauzak egiteko moduarekin ere daude haserre: “Lan teknikoak egoki burutzeko premia argudio modura erabili badute ere, salatzekoa da larrialdiko lege bat erabiltzea lurrak zabortegi bilakatzeko, ingurugiro neurriak kontuan hartu barik eta behin-behineko gobernua izanik. Gainera, erabaki hau justifikatzeko, Alberto eta Joaquinen bilaketa lanetarako ezinbestekoa dela esan dute. Hor dauden bi pertsonak horrela erabiltzea lotsagarria eta maila moral oso baxukoa iruditzen zaigu”.

Gauzak horrela, zapatuan manifestazioa egiteko arrazoi bat gehiago dagoela uste dute, “erabaki horrek herritarren kezka eta haserrea areagotu besterik ez duelako, horregatik uztailaren 4an Eibarren kaleak hartzeko deia egin nahi dugu”.