Zeintzuk dira gaurtik aurrera itxita egongo diren herriak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian?

Zeintzuk dira gaurtik aurrera itxita egongo diren herriak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian?
2021/04/13 eta kitto!
Txosten epidemiologikoa oinarri, ebazpena kaleratu du Eusko Jaurlaritzak, gaurtik aurrera murrizketa zorrotzagoak izango dituzten udalerrien zerrendarekin. 400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriei buruzko ebazpena astelehenetan argitaratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri murriztaileak asteartetan sartzen dira indarrean.

EAEko hiru hiriburutik bi egongo dira itxita: Bilbo (100.000 biztanleko 471 kasurekin) eta Gasteiz (465 kasu). Gipuzkoako lurraldea itxita egongo da, Araba zegoen bezala.

Horrez gain, jada itxita zeuden 13 udalerri handiri beste 15 batuko zaizkie. Hemen zerrenda osoa:

GIPUZKOA. Gipuzkoako lurraldea, 100.000 biztanleko 483 kasurekin, itxita egongo da gaurtik aurrera. Halaber, beste bederatzi udalerri egongo dira joan den astean 11 herrik osatzen zuten zerrendan: Aretxabaleta (988 kasu), Arrasate (674), Astigarraga (674), Azkoitia (917), Beasain (741), Errenteria (537), Hondarribia (423), Lasarte-Oria (456), Lazkao (887), Legazpi (1.189), Lezo (641), Oiartzun (665), Oñati (976), Ordizia (724), Orio (505), Pasaia (430), Tolosa (737), Urretxu (820), Villabona (473), Zarautz (621) eta Zumarraga (794).

BIZKAIA. Sei udalerri, tartean hiriburua, batu dira itxitako herrien zerrendara. Irteera bakarra dago, Ermuarena, nahikoa hobetu baititu bere datuak (100.000 biztanleko 262 kasuko tasa du orain). Bilbo (471 kasu), Getxo (411 kasu), Markina-Xemein (417), Muskiz (427), Ondarroa (1.003), Portugalete (420) eta Sestao (411).

ARABA. Arabako lurraldean ez dago aldaketarik. Hiriburuak eta probintziak itxita jarraituko dute.

 

5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak
Herri handiez gain, 5.000 biztanle baino gutxiagoko honako herriak  egongo dira  perimetralki itxita gaurtik aurrera:

ARABA. Bastida eta Legutio.

BIZKAIA. Atxondo, Berriz eta Zaldibar.

GIPUZKOA. Aduna, Alegia, Anoeta, Berrobi, Bidania-Goiatz, Eskoriatza, Hernialde, Ibarra, Irura, Itsasondo, Legorreta, Olaberria, Soraluze, Zaldibia, Zegama eta Zizurkil.

 

Ondoko udalerrietara joan gaitezke
Udalerriak itxita egonda ere, ondoko udalerrira joan ahalko da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.

Gainera, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztua izango dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era.

Apustu-etxeei dagokienez, ostalaritza zerbitzua barrualdean soilik eman ahalko dute, eta zehaztutako ordutegian bakarrik.

Kirol arloan, ezingo dira 4 pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan salbu, horietan % 35eko edukiera onartzen baita, eta dutxak bakarka erabiltzea.