Zumaiako Santiago hondartzako biodibertsitatea ezagutzera emateko topaketa egingo da domekan

Zumaiako Santiago hondartzako biodibertsitatea ezagutzera emateko topaketa egingo da domekan
2021/06/15 eta kitto!
Euskal Kostaldeko Geoparkeak BIOTOP izeneko topaketa antolatu du domekarako, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Jarduerak Zumaiako Santiago hondartzako sarrera nagusia izango du abiapuntu eta lau txanda egongo dira aukeran. Antolatzaileen berbetan, “BIOTOP topaketa edonori dago zuzendua, doakoa da eta Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzera ematea du helburu. Kasu honetan, bertako hegaztiak eta landareak ezagutzeko aukera egongo da. Edukiz gero, prismatikoak eramatea gomendatzen dugu”.

Domeka goizean zehar hainbat irteera egingo dira. Talde bakoitzak Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. Norberari gehien interesatzen zaion taldea aukera daiteke edo batean baino gehiagotan parte hartu. Ekimena irekia da, baina parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2021 formularioan edo Zumaiako Turismo Bulegoan 943 14 33 96 telefonora deituz. Plazak mugatuak dira eta taldeak 10 parte-hartzaile izango ditu gehienez.

Irteeren ordutegiak:

09:00 - 10:30 Hegaztiak (euskaraz)

09:00 - 10:30 Plantas (castellano)

10:30 - 12:00 Aves (castellano)

10:30 - 12:00 Landareak (euskaraz)