Greba Orokorraren inguruko manifestazio nagusia 12:30ean irtengo da Untzagatik

Greba Orokorraren inguruko manifestazio nagusia 12:30ean irtengo da Untzagatik
2020/01/29 eta kitto!
Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ‘Lan, pentsio, bizitza duina’ goiburuari jarraituta deitutako greba orokorrak lantokiak husteko helburua duela eta, horrekin batera, Euskal Herrian zehar ematen ari diren borroka ezberdinen isla izan nahi duela adierazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, sindikatu deitzaileek (ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, Etxalde) eta eragile sozialek (pentsionisten mugimendua, feministak, ekologistak, etab.) egun osoko ekitaldietan eta manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu dute. Oraingoz, 101 mobilizazio daude deituta.

Eibarren manifestazio nagusia 12:30ean abiatuko da Untzaga plazatik. Horrekin batera, beste mobilizazio batzuk egingo dira egun osoan zehar: 05:30ean pikete informatiboa egingo da Azitaingo industrialdean; 09:00etan greba gunea zabalduko dute Untzagan; 12:30ean hasiko den manifestazioa amaitu ondoren, 14:30ean bazkaria egingo da Untzagan bertan (bakoitzak berea eraman beharko du); 16:30ean beste pikete informatibo bat irtengo da, Untzagatik; eta 18:00etarako bigarren manifestazio bat dago deituta. Bestalde, biharko grebarako giroa berotzen joateko, gaur iluntzerako burrunba deitu dute, 21:00etatik 21:15era.

...eta kitto! Euskara Elkarteko langileok ere bat egin dugu greba deialdiarekin eta, hori dela eta, bihar egun osoan zehar bakarrik grebaren inguruko informazioa emango dugu, web orri honetan eta sare sozialetan.

https://youtu.be/8FYNpe4J4XQ