“Hakatoiek” indarkeriaren aurkako Eeentzun! kanpaina Gipuzkoan zabalduko dute

“Hakatoiek” indarkeriaren aurkako Eeentzun! kanpaina Gipuzkoan zabalduko dute
2018/11/22 14:28
eta kitto!
Indarkeriaren kontra eta kirolaren balioen alde abiatu duten “Eee!ntzun” kanpaina Gipuzkoa osoan zehar zabalduko dute milaka neska-mutilek, hainbat herritan (tartean Eibarren) egingo diren kontzentrazio jendetsuetan “haka” dantzatuz. Eibarren ez ezik Arrasaten, Irunen eta Tolosan egingo duten dantza horren bitartez, partidu bakoitzean harmailan dagoen jendeari “gozatzen eta gozatzen lagatzeko” eskatuko diote. “Hakatoi” izenarekin egingo diren ekitaldi horietan Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe foball jokalariek eta Goazen! telesaileko aktoreek hartuko dute parte. Eibarren, martxoaren 8an egingo dute dantza.

Gaur goizean egindako agerraldian esan dutenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak, «hakatoien» bitartez, beste urrats bat egin nahi du ‘Eee!ntzun’ kanpainaren barruan, beharrezkotzat jotzen baitu kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotzea, balioetan arreta jartzen duen mezu baikor bat erabilita eta eskola kirolean parte hartzen duten neska-mutilek kirolaz gozatzeko duten eskubidea ardatz hartuta. Ekimen honek eskola kirolean parte hartzen duten haurrak protagonista bihurtu nahi ditu, partidetara joaten direnei harmailetan goza dezaten eta arbitro, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu ditzaten eskatzeko, eta, horretarako, kantu batek, dantza batek eta zeinuen hizkuntzaren erabilerak osatzen duten «haka» bat egingo dute, modu jostarian, emozio egoera bat sortzeko partidaren aurretik, eta hausnarketarako bidea eskaintzeko eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei”.

Zapatutik aurrera, eskola kirolean parte hartzen duten milaka neska-mutilek egingo dute “haka” Gipuzkoako hainbat herritan. “Hakatoi” bakoitzean ehunka eskola-umek dantzatuko dute “haka”, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua entzutera emateko. Lehenengoa zapatu honetan egingo da, Arrasateko Biteri plazan: Debagoieneko 600 eskola-ume baino gehiago elkartuko dira lehen "hakatoi" masiboa egiteko (guztira 1.500 pertsona baino gehiago bertaratuko dira, laguntzaileak kontuan hartuta). Han egongo dira ere Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe, Errealeko jokalari ohiak, eta Goazen telesaileko aktore batzuk. Aurrerago Gipuzkoako beste herri batzuetan ere egingo dute ekitaldia: Tolosan urtarrilaren 19an, Eibarren martxoaren 8an eta Irunen martxoaren 30ean. Eta ekimen horri amaiera emateko, Real Sociedad eta Eibar taldeen arteko Gipuzkoako derbian, neska-mutil talde batek “haka” dantzatuko du Anoetan, partidua hasi aurretik.

IKUSI HEMEN HAKATOIAREN BIDEOA:

[video width="1280" height="720" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2018/11/4631036.720.mp4"][/video]