Hegazkinlari eibartarrak nazien aurka

Hegazkinlari eibartarrak nazien aurka
2021/04/12 12:40
eta kitto!
Gerra batetik ihes egin eta beste batekin egin zuten topo hainbat eibartarrek XX. mendeko 30. hamarkadan. Egoera horretan, ostera, ez ziren kikildu eta arerioari aurre egiteko erabakia hartu zuten lau eibartar gaztek. Gerrako ume hauek Aireko Indar Sobietarrarekin bat egin zuten II. Mundu Gerran nazien aurka egiteko eta batzuek bizitza eman zuten. Denek lortu zituzten ohoreak eta, noski, sobietarren eta euskaldunen errespetua.

 

Gerra Zibilak erbestera bidali zituen milaka ume euskaldun. Francoren tropek Euskal Herrian aurrera egiten zuten neurrian, 1937. urtean umez betetako itsasontziak irten ziren herrialde ezberdinetara, tartean Sobietar Batasunera (SESB). Santurtzitik Errusiara, itxaropentsu, bake bila. Handik urte gutxira, ostera, berriz itzuli ziren bonba hotsak euren bizitzara. II. Mundu Gerra hasi zen eta SESBek borroka sutsua izan zuen Adolf Hitlerren Alemaniaren aurka.

Ignazio Agirregoikoa Benito, Isaías Albistegi Agirre, Jose Luis Larrañaga Muniategi eta Eugenio Prieto Arana eibartarrek, herioari ihes egin beharrean, aurre egin nahi izan zioten, eta batzuk garaile atera ziren gudu hartatik. Beste batzuek, ostera, bertan laga zuten bizia, jaioterritik milaka kilometrotara.

 

Aireko Indar Sobietarretako euskal hegazkinlarien taldea

Eibartar gazte hauek, Ramon Cianca Bengoetxearekin, Luis Lavin Lavinekin, Antonio Uribe Galdeanorekin, Antonio Lekunberri Goikoetxearekin eta Tomás Suárezekin, Aireko Indar Sobietarretako euskal hegazkinlarien taldea sortu zuten.

1941an akademia militar batean onartu zituzten, Vorishogliebsk-eko Pilotu Eskolan, Txkalov hirian. Luis Lavin bilbotarrak kontatu zuenez, bederatzi gaztek bakarrik pasatu zituzten mediku-probak eta gehienak baztertu egin zituzten (adibidez, Ruben Ruiz Ibarruri, Dolores Ibarruri ‘Pasionaria’ bizkaitar komunista ospetsuaren semea). Hori bai, berak dokumentuak faltsutu behar izan zituen. Berez 17 urte izan behar zituztelako izena emateko eta Lavinek 15 zituen.

Isaías Albistegi ez zituen pilotu militarraren ikasketak amaitu, baina berebiziko papera izan zuen guduan. Eibartarra planeagailu militarrak eramateko aski trebatu zen eta lan horretan lagundu zuen nazien kontrako gerran. Garraio hegaldi horiek armekin eta fronteko lerroetan gertatu zirela esaten dute iturri batzuek eta, hortaz, Albistegiren gerrako parte-hartzea meritu handikoa izan zela. Antza denez, armak zituzten planeagailuak alemaniarren lerroen atzera eramaten zituen partisanoak hornitzeko. Ekintza oso arriskutsua.

Beste batzuek ez bezala, Albistegik bizirik amaitu zuen II. Mundu Gerra eta 1956. urtean Euskal Herrira itzuli zen gerrako umeen talde sobietar handi batekin, 32 urte zituela. Harrezkero, ‘rusoa’ Eibarren bizi izan zen eta ohikoa zen Klub Deportiboko tertulietan ikustea. 2006. urtean hil zen eta bere omenez Pedro Agirregomezkortak Eibar aldizkarian idatzitako artikuluan kontatu zuenez, Albistegik Errusiako abenturak kontatzeko ohitura zuen, batzuk egiazkoak, beste batzuk fabulak (adibidez, Stalinekin Kremlinean egon zela edo Sobietar Batasuneko Heroi titulua zuela).

 

Kale bat Mustveen

Pilotu Eskolan urtebete egin ondoren, 1942an, II. Mundu Gerran borrokatzeko ordua iritsi zen hegazkinlari euskaldunentzat. Luis Lavinek kontatu bezala, “gu ez ginen frontera joan, frontea etorri zen gurera. Egun batean, Ignazio Agirregoikoarekin lubakiak egiten nenbilen eta frontera zihoan unitate bat pasa zen. Ignaziok eta biok, asko pentsatu barik, adinarengatik akaso, kamioira igo eta frontera joan ginen”.

Agirregoikoa Soraluzen jaio zen, baina familia Eibarrera aldatu zen umea zenean. Lavinekin hasi zuen bideak zoritxarreko amaiera izan zuen, 1944. urtean aurkitu baitzuen heriotza, Mustvee herrian. Tallinn alemaniarren esku zegoen eta Aireko Indar Sobietarrek gogor bonbardatu zuten. Tamalez, Agirregoikoaren hegazkina bota egin zuten Tallinnetik ekialdera, Mustveen, eta polizia lokalak harrapatu egin zuen. Eibartarrak, bere burua inguratuta ikusi zuenean, tiro egin zion bere buruari.

Agirregoikoa Mustveeko hilerrian lurperatu zuten eta bere izena jarri zioten kale bati, baina akats batekin. Luistxo Fernandezek ondo kontatzen du hegazkinlari eibartarrari buruz sustatu.eus-en idatzitako testu honetan: “sasoi hartan, izena errusieraz eman zioten kaleari, alfabeto zirilikoz idatzia. Baina 1990eko hamarkadan, izen ziriliko eta errusiarrak desagertu egin dira dekretuz Estonian, eta kaleari berriro izena eman behar zitzaion, alfabeto latinoz oraingoan, estoniera hala idazten baita. Eta nola idatzi zirilikozko izen hura alfabeto latinoz? Historia liburuetan begiratu, eta aurkitu omen zuten nonbait abiadore haren izen espainola Ignacio Benito Aguirre zela”. Gero, kasuaren berrikusketan, ikusi ahal izan zen benetako izena ez zela Benito Agirre, Ignazio Agirregoikoa baizik.

Izen aldaketa horretan zeresan handia izan zuen Teresa Alonso donostiarrak, pilotu hauen lanari behar bezalako errekonozimendua emateko lan handia egin baitu. Alonsok Habana itsasontzian ezagutu zuen Agirregoikoa eta lehen begiradan maitemindu ziren, donostiarraren berbetan. Iaz, maiatzean, Eibarko Udalari 35.000 euro emateko prest zegoela adierazi zuen, hegazkinlariak eta gerrako umeak omentzeko.

 

Azentua alde eta kontra

José Luis Larrañaga Ignazio Agirregoikoa baino urtebete lehenago hil zen, 1943an, Kuban ibaiaren inguruan, Alemaniako eta Sobietar Batasuneko ehiza-hegazkinen arteko borrokan. Artilleria alemaniarrak bota zuen Larrañagaren hegazkina eta, ia errenkadan, Kievetik hurbil, Eugenio Prieto ere jo zuten, baina bere hegazkinak planeatzen jarraitu ahal izan zuen Dnieper ibaiaren beste alderaino. Alemaniarren eremuan zegoen zuhaitz batean kateatu zen, eta konortea galdu ondoren, alemaniarrek ostikoka esnatu zuten.

Prieto preso hartu zuten, baina berak esan zien ez zela errusiarra, espainiarra baizik, eta alemaniarrak nahastu egin ziren, bere azentua ez zelako Errusiakoa. Putoviti inguruko etxe batera eraman zuten eta kolitisa zuela argudiatuta, behin eta berriz komunera joaten hasi zen. Bidaia bakoitzean etxolako egurrezko taula bat pixkanaka apurtzen hasi zen eta behin, inor zaintzen ez zebilela ikusi zuenean, ihes egin zuen.

Bidean agure batekin egin zuen topo eta hark alemaniarra zela pentsatu zuen, baina ordurako agurearen ilobak entzun zuen alemaniarrek preso zuten pilotuak ihes egin zuela eta ezkutatu egin zuten simaurraren azpian zuten bunkerrean, beste bi pilotu errusiarrekin. Handik gutxira, unitate alemaniarra aldatu zutenean, errusiarrak gerrilarekin joan ziren, baina Prietok geratzea erabaki zuen. Herriko alkateak, erresistentziako burua zenak, bere alabaren senar mutua zela esan zien alemaniarrei, eta gorra eta mutua zela zioen dokumentua egin ere.

Handik egun batzuetara Armada Gorriak ibaia gurutzatu zuen, baina Prietori ez zioten sinetsi eraitsitako pilotua zenik, bere azentuagatik. Horrela, sobietarrek berarekin eraman zuten (fusilatzeko ziurrenik) eta zera entzun zen inguruan zegoen tanke batetik: “Senia, nora zoaz?”. Prietoren Moskuko ezagun bat zen. Horrela, libre laga zuten eta Bandera Gorriaren Ordena jaso zuen.

Airetik nazien aurka egin zuten eibartar hauez gain, beste eibartar batzuek Armada Gorriaren beste atal batzuetan borrokatu zuten. Horietako hiruk, gutxienez, bizia galdu zuten Leningradon (San Petersburgo, gaur egun): Paulino Arrizabalaga Aranak, Enrike Etxebarria Aranzabalek eta Enrike Escudero Serranok.