Herriko hainbat talde irtengo dira gaur kalejiran, Santa Ageda koplak kantatzera

Herriko hainbat talde irtengo dira gaur kalejiran, Santa Ageda koplak kantatzera
2019/02/04 eta kitto!
Gaur Santa Ageda egunaren bezpera dela eta, ohiturari jarraituko diote herriko hainbat taldek aurten ere eta kalerik kale koplak kantatzera irtengo dira, santaeskean. Goizean herriko ikastetxeak izan dira protagonista: batzuk eskolan bertan ibili dira kantuan eta beste batzuk, berriz, kalera irten dira Santa Ageda koplak abestera. Bideoan Urkizu herri ikastetxeko ikasleak kantuan ikus eta entzun ditzakezue:

https://youtu.be/xMMc9N-gG6Y

Arratsaldeko lehenak, bestalde, ...eta kitto! Euskara Elkartekoak izango dira: “Arratsaldeko 17:15ean elkartuko gara, ...eta kitto!-n bertan (Urkizu 11, solairuartea) eta jarraian, 17:30ean abiatuko gara kalejiran. Urkizun hasi eta amaituko dugu eta bidean Bittor Sarasketa, Estaziño, Ibarkurutze eta Arragueta zeharkatuko ditugu kantuan. Amaitzerakoan, 18:30 inguruan, txokolate beroa eta txorizoa hartuko ditugu …eta kitto!-n. Jende guztia gurekin batera santaeskean ibiltzera animatu nahi dugu”.

Kaleetan Kantuz abesbatzaren kalejira ere Urkizutik abiatuko da, 18:00etan. Sostoa abesbatzakoen kalejira, berriz, 19:30ean hasiko da, Ego Gain kalean dagoen Kontent taberna paretik. Hortik abiatuta, kalerik kale ibiliko dira, santaeske koplak abesten, Urkizura ailegatu arte. Ibilbide osoan trikitilariek lagunduko diete. Eta Eibarko Sarek antolatu duen kalejira Legarreko frontoian hasiko da eta taldea Untzaga, Calbeton, Zuloagatarren eta Toribio Etxebarria kaleetan ibiliko da santaeskean.