Herriko historia bertatik bertara ezagutzeko bisitak egingo dira

0    Berriak, Eibar 
ETA KITTO ETA KITTO
Herriko historia bertatik bertara ezagutzeko bisitak egingo dira
ETA KITTO 2019, Urr 08

Eibar 1931-1945 Memoria Proiektuari lotuta doaneko bisita gidatuak antolatu ditu Udalak. “Ibilbideak Eibarko hirigunean” izeneko ekimenaren bitartez, Eibarko hainbat lekutan jarritako QR-en araberako ibilbideari jarraitu ahal izango zaio, Jesus Gutierrez historialariak eta Jose Luis Valenciagak gidatuta. Herriko kaleetan zehar doan ibilbideari jarraitzen zaion bitartean, gure herriko gertakari historikoei buruzko azalpen interesgarriak ematen joango dira.

Herri barruan QR dispositiboen kapturarako kodearekin markatutako zazpi interes-gune daude eta, “Eibar 1936-37” mugikorrendako aplikazioa erabiliz gero, edo QR kodea irakurrita, interes-gune horietako bakoitzean 1931 eta 1945 bitartean Eibarren izandako gertakizunen inguruko informazio esanguratsua eskaintzen da: II. Errepublika, Gerra Zibila, ondorengo berreraikuntza lanak… horiei buruzko testuak, argazkiak, irudiak, planoak eta bideoak, besteak beste. Lau zapatutan egingo dituzte gidatutako irteera hauek, honako egun eta orduetan: urriak 19an (gazteleraz, 09:00etatik 12:00etara); urriak 26an (euskeraz, 10:00etatik 13:00era); azaroak 9an (gazteleraz, 10:00etatik 13:00era); eta azaroak 16an (euskeraz, 10:00etatik 13:00era). Doakoak izango dira eta talde bakoitzeko 20 lagun onartuko dituzte. Hori bai, izena aurretik eman behar da, urriaren 17rako, 943708435 telefono zenbakira deituta edo kultura@eibar.eus helbidera idatzita.

Bisitak Ego Gain kalean (Unzaga Plaza hotel parean) hasiko dira, Labaderokua babesleku zaharraren aldamenean: “Ezbeharra airearen kontrako Eibarko babeslekuetan” izenekoan 1937ko apirilaren 24 eta 25ean Mussoliniren legioko italiar abiazioaren erasoaren berri jasoko du taldeak, besteak beste. Handik Untzaga plazara (udaletxe plazara) abiatuko da taldea, “Untzaga plaza II. Errepublikaren ikur” delakoan 1931ko apirilaren 14ko ordu txikietan han bizi izandako gertaerak gogoratzera. Jarraian San Andres parrokiako hegoaldeko fatxadara joango dira, hango historia bertatik bertara ezagutzera. Bisitarekin jarraitzeko Bidebarrietaraino (San Agustineko bidegurutze aldameneraino) joango dira, Erdi Aroko Eibarren gainean eraikitako Eibar berriari buruzkoak entzutera. Taldeak bisitatuko duen hurrengo interes-gunea Urkizun, Bittor Sarasketako bidegurutzean dago eta han gure herriko armagintzaren garrantziaz eta industriak izandako eraldaketaz jardungo dute. Behin horri buruzko azalpenak entzunda, Errebalera (BBVA eraikinaren ondora) abiatuko da taldea eta, ibilbidea amaitzeko, Toribio Etxebarriara joango dira. Azken bi puntu horietan herri errepublikazalea izateak Eibarri ekarri zion zigorrari eta herriaren suntsipenari buruz arituko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »