Herriko tabernetan hasi den “Etxeko Ura” kanpaina aurkeztu dute

Herriko tabernetan hasi den “Etxeko Ura” kanpaina aurkeztu dute
ETA KITTO 2016, Urr 20

Gaur aurkeztu dute Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak abian jarri duten ETXEKO URA kanpaina. Ostalaritzan iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz hasi duten ekimenak helburu hirukoitza duela azaldu dute: “Uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea”.
Horrekin batera, Gipuzkoako iturriko uraren kalitateari balioa eman nahi diote eta, horretarako, datozen asteetan beirazko ur pitxar berrerabilgarriak banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean. Diotenez, “horrela, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitate berbera eskainiko dute, baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpainak irauten duen denbora tartetik harago”.
Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzera animatu diren establezimenduei, eta herritarrak taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera animatu nahi dituzte, “bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoa baita”.
Ekimenaren lehen fasearekin 2013an hasi ziren eta, diotenez, “oro har, kanpainak oso harrera ona izan du. Guztira, 446 jatetxek eta tabernak egin dute bat kanpainarekin. Nahiz eta kanpaina aste honetan martxan jarriko dugun, Eibarren dagoeneko 12 establezimendutan (Eskarne, Orbe, Aguiñaspi, Bar Nuevo, Kontent, Batzokia, Ixua, Portalea, Albert, Kultu, Azitain erretegia eta Paulaner Bierhaus) Etxeko Ura eskaintzeko konpromezua hartu dute”. Hala ere, datozen hilabeteetan ere kanpainarekin bat egiteko aukera izango dela argitu dute.
Guztira 200 pitxar baino gehiago banatuko dituzte herriko establezimenduetan. Horrez gain, Udalak kudeatutako instalazioetan kanpainako pitxarrak erabiliko dituztela esan dute. Kanpainari esker hilean plastikozko 62.000 botila gutxiago erabiltzen dela gaineratu dute. Ekimenarekin bat egin nahi duten ostalariek www.ekogunea.eus webgunean edo 943 55 20 20 telefonora deituta izango dute horretarako aukera.etxeko_ura

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »