Abian azoka Ipuruan egingo da datorren astean

Abian azoka Ipuruan egingo da datorren astean
2022/03/18 eta kitto!
Abian Debabarreneko V. Lanbide Heziketa Azoka Ipurua foball zelaiko instalazioetan egingo da hilaren 22tik 24ra, Debegesak eta SD Eibar Fundazioak lankide-hitzarmena sinatu ondoren.

Abian azoka Debabarreneko zortzi udalek, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek antolatzen dute (Armeria Eskola, IMH, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Eibarko Oinarrizko LH eta Ermua-Mallabiko Oinarrizko LH). Bertan, Debabarreneko DBHko eta Batxilergoko 700 ikaslek baino gehiagok bisita gidatuak egingo dituzte datozen egunotan.

Sarrera librea izango da eta hau izango da ordutegia: 22an 10:00etatik 14:30era, 23an 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara eta 24an 10:00etatik 14:30era.

 

WhatsApp Image 2022-03-18 at 2.17.41 PM

 

Lanbide Heziketa sustatzea helburu

Abian azokaren helburua Lanbide Heziketa sustatzea eta Debabarrenako kalitatezko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutaraztea da. Era berean, azokak lagundu nahi du inguruko enpresek beren beharretara egokitutako ezagutza eta gaitasun tekniko-teknologikoak dituzten pertsonak topatzea.