Abian azoka modu birtualean egingo dute aurten

0    Hezkuntza 
CDwes76
Abian azoka modu birtualean egingo dute aurten
ETA KITTO 2021, Mar 31

Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Debegesarekin elkarlanean, bi urtetik behin antolatzen dute Abian Lanbide Heziketa Azoka. Lanbide Heziketa mailan eskualdean egin daitezkeen ikasketak ezagutarazteko modua da, eta gazte eta gurasoek ikasketa horiek zein lan mota egiteko aukera ematen duten ikusi dezakete.

Aurten, ostera, aurrez aurreko azoka atzeratzea erabaki dute eta azokaren ordez eskualdeko ikastetxeei, gazteei eta familiei Lanbide Heziketako ikasketen aukerak gertutik azaldu ahal izateko, hainbat ekintza antolatu dituzte.

Martxoa eta maiatza artean Lanbide Heziketako ikastetxeen Ate Irekien Informazio saioak egingo dituzte; eta aurreko astean ikastetxeetako eta Debegesako ordezkariak eskualdeko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetako orientatzaileekin bildu ziren, eskualdeko lanbide heziketari buruzko xehetasun guztiak ezagutzera emateko eta beraien zalantzak argitzeko.

Azoka presentziala egin ezin denez, aurten modu birtualean aurkeztuko dute eskualdeko eskaintza. Horretarako, Lanbide Heziketa ikasi duten eta egun Debabarreneko enpresetan lanean diharduten ikasleen bideo laburrak zabalduko dituzte; Lanbide Heziketa ikasi ondoren zein lan erakargarri, interesgarri eta baliodun garatu daitezkeen erakusteko.

Bideoak sare sozialetan (Twiterren @abianazoka, Facebooken @AbianDebabarrena eta Instagramen @abianazoka) eta www.debegesa.eus/abian webgunean daude ikusgai.

 

37 ziklo Debabarrenean
Debabarreneko Lanbide Heziketa erabateko formakuntza praktikoa da, metodologia berritzaileak aplikatzen ditu eta eredu dualean ikasteko aukera ematen du.

Eskualdeko zortzi ikastetxetan 37 ziklo ikasteko aukera dago, erdi-mailan zein goi-mailan: Armeria Eskola, Elgoibarko IMH, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

Abian azokaren sustatzaileek arreta berezia eman nahi diote Debabarrenak duen izaera industrialari, sektorearekin lotutako lanbideen beharrei, eta ikasketa-enplegu industrialetan emakumeen parte hartze aktiboa sustatzeko beharrari. Izan ere, Debabarreneko balio erantsi gordina sektoreka %47,49 industria, %44,4 zerbitzuak, %6,5 eraikuntza eta %1,29 nekazaritza da Eustaten arabera. “Industria sektorea eskualdearen motorra da eta honen garapen indartsuak ekosistema aberatsa sortzen du, hainbat zerbitzuz osatuta. Garrantzitsua da eskualdeko herritarren kontzientzian zer nolako gizartea dugun irudikatzea, bertan lan eta bizitzeko zein enplegu aukerak izan ditzakegun ulertzeko”, diote sustatzaileek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »