Arrate Hernandez Arizaga, ikerlaria eta ikaslea: “Beste energia iturri batzuk daudela ezagutzea garrantzitsua da”

Arrate Hernandez Arizaga, ikerlaria eta ikaslea: “Beste energia iturri batzuk daudela ezagutzea garrantzitsua da”
2021/06/18 eta kitto!
EHUren Eibarko egoitzan ikerlaria eta irakaslea da (Energia Berriztagarrien graduan) Arrate Hernandez Arizaga eibartarra eta ‘Instalazio termiko baten modelatze energetikoa’ izeneko hitzaldia eskaini zuen Ikergazten.

 

Nolako esperientzia bizi izan zenuen www.ueu.eus/ikergazte/aurkezpenak/?

Oso ona. Zure lana aurkezteaz gain, beste ikerlari batzuek zer egin duten ezagutzeko aukera ematen dizu Ikergaztek eta, era berean, lanak nola aurkezten dituzten ikusi dezakezu. Ikasteko eta ideiak hartzeko asko balio du horrek.

 

Nola moldatu zinen zure ikerketa hain denbora laburrean aurkezteko?

Hasteko, Ikergaztera artikulu laburra bidali nuen eta, gero, Power Point baten laguntzarekin aurkezpena egin nuen. Elementu horrek lagundu egiten du informazioa helarazten, laguntza bisuala ematen duelako.

 

Zertaz jardun zenuen?

Nire ikerketaren zati bat aurkeztu nuen. Eraikin baten instalazio termikoa oinarri hartuta, instalazio termiko baten eredua eraiki nuen ordenagailua bitartez (instalazio termiko batek ur beroa eta kalefazioa ematen digu). Nik sortu nuen ereduak ematen duen erantzuna aintzat hartzeko, ona den edo ez jakitea beharrezkoa da, eta hori demostratzeko modu ezberdinak daude. Kasu horretan, ordenagailuz sortu nuen ereduari irizpide batzuk aplikatu nizkion balio zuen edo ez jakiteko, eta horren inguruko emaitzak azaldu nituen. Horrela, errealitatearen eta simulazioaren arteko konparaketa egin nuen.

 

Eta kasu horretan, errealitatea eta simulazioa urrun zeuden bata bestearengandik?

Ez zueden hain urrun, baina badago zer hobetu eta horretan lanean dihardut.

 

Beraz, ikertzen jarraitzen duzu?

Ikergazten azaldu nuen zatiaren inguruko ikerketa amaitu dut. Nahiko luze joan da. Zenbait kasu hobetzea zaila da, eredu errealak ez digulako baimentzen hobekuntza hori egitea. Izan ere, batzuetan ez dugu nahikoa daturik. Datu barik, eredu erreala gehiago ezagutu ahal izateko aukera barik, zaila da hobetzea. Beraz, datu gutxirekin errealitatera hurbiltzen saiatzen naiz.

 

Zure ikerketa-arloan dabilen jendearekin hartu-emana izan zenuen Ikergazten?

Bai. Ingeniaritzaren eta arkitekturaren inguruko lanean artean aurkeztu nuen nirea, eta aurkezpena egin ondoren galderak edo bestelako komentarioak egiteko aukera egon zen. Nire lanak lantzen duen gaiaren inguruko beste lanik ez zen egon, baina bai beste batzuk eta interesgarriak izan ziren.

 

Energia berriztagarrien inguruan, EHUk eskaintzen duen graduaren egoitza Eibarren egonik, nolako garrantzia du zentroan egiten den lanak?

Gaur egun dugun eredu energetikoa aldatzeko tresna bat da. Beste energia iturri batzuk daudela ezagutzea eta nola ustiatu ditzakegun jakitea oso garrantzitsua da. Eredu aldaketa aldatzeko aurrerapausoak ematen ari dira, baina gure kontsumoa oso handia da oraindik eta etorkizunean handiagoa izango dela aurreikusten da. Beraz, azkar joan behar gara gaiaren inguruan ikertzen eta lan egiten.

 

Zure ikerketak eta antzekoek nolako ekarpenak egin ditzakete epe motzera?

Ikerketak luze doaz. Nire ikerketa etxebizitzen energia kontsumoan zentratzen da eta gai horretan, etorkizunera begira, uste dut etxebizitzak gero eta gehiago elikatuko direla energia berriztagarriekin eta modu eraginkorragoan erabiliko dutela energia hori. Beste ikerlari batzuk energia eolikoa aztertzen ari dira, hidrogenoa ere modan dago… Baditugu erronkak!