Bihartik aurrera herri barruko gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da

Bihartik aurrera herri barruko gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da
2021/03/14 eta kitto!
Bihartik aurrera, herri barruan ezin izango da 30 km/h-ko abiadura. Horrekin batera, plataforma bakarrekoak edo koexistentziakoak diren kaleetan, muga orduko 20 kilometrokoa izango da. Trafiko ordenantza aldatuta, Udalak istripu kopurua murriztea, oinezkoentzat herri atseginagoa izatea eta kutsadurak behera egitea lortu nahi du. Era berean, maiatza hasieran estatu osoan eragina izango duen Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren aldaketara egokituko da Eibar.
Arau orokor gisa, hirigune osoan abiadura-muga 30 kilometro ordukoa izan arren, neurria are murriztaileagoa izango da plataforma bakarreko Eibarko kaleetan (espaloiak eta galtzada maila berean dauden kaleetan eta koexistentziakotzat jotzen direnetan); halakoetan ezingo da orduko 20 kilometro baino gehiagora zirkulatu. Azken neurri horrek kale hauei eragingo die: Toribio Etxebarria, Untzaga Plazaren albo bat, Egogain kaleko azken zatia, Fermin Calbeton eta Plaza Barriaren azken zatia, Estaziño, Zuloagatarren, San Agustin, Legarre kaleko zati bat, eta Errebal. Udala, Udaltzaingoarekin koordinatuta, seinale guztiak aldatzen ari da, abiadura-muga berrietara egokitzeko.
TAO Isasin
Abiaduraren inguruko neurri berriekin batera, bihar trafikoari eragiten dion beste neurri berri bat sartuko da indarrean bihar: Isasi kalean aparkamendu-denbora mugatuko sistema (OTA) jarriko da martxan.
Toribio Etxebarria, San Juan edo Bidebarrieta kaleetan bezala, Isasin ere gehienez bi orduz laga ahal izango da automobila toki berean aparkatuta, doan. Ordutegia, berriz, honakoa da: lanegunetan, astelehenetik barixakura, 9:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan, 9:00etatik 13:00era. Aparkatzeko, tiketa atera beharko da parkimetroetan, ibilgailuaren matrikula sartuta.