"Don't be Dummy" bide-hezkuntza programa aurkeztuko diete bihar Uni-ko ikasleei

"Don't be Dummy" bide-hezkuntza programa aurkeztuko diete bihar Uni-ko ikasleei
2022/10/04 eta kitto!
Trafiko-istripuak prebenitzeko helburua duen “Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik”, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ekitaldi ibiltaria Eibarrera ailegatuko da bihar: Eibar-Ermua UNI-ko areto nagusian egingo dute bide-hezkuntza programaren aurkezpena, 511 ikasleren aurrean. Ekitaldia 10:00etan hasiko da.

Ekitaldietan hiru lagunen zuzeneko testigantzak entzuteko aukera egongo da: Eibarko udaltzain batek (Adolfo Vicente), suhiltzaile batek  eta bizkarrezur-muineko lesioa duen neska batek (Alaitz Arbilla) hartuko dute parte. Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak…

Horrelako saioak Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude eta Jaurlaritzako kanpaina honetan 15 eta 20 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte. Arduradunen berbetan, “lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barneak astintzea da asmoa; izan ere, parte hartzaileen kontakizunak oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia sortzen dute”.