EAEko 12.587 ikaslek Selektibitatea egingo dute astelehenetik asteazkenera (neurriak eta protokoloa)

EAEko 12.587 ikaslek Selektibitatea egingo dute astelehenetik asteazkenera (neurriak eta protokoloa)
2020/07/03 11:22
eta kitto!
Selektibitatea edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE)  datorren astean egingo da, hiru egunetan (uztailaren 6tik 8ra). Eibarren Armeria Eskolan eta Eibar BHIko Isasiko eraikinean egin ahal izango da. Aglomeraziorik ez izateko, sarrera eta irteera mailakatzea gomendatzen da, bai eraikinerako bai azterketa geletarako.  Ikasleak izen-abizenaren arabera deituko dira, ordu tarteka banatuta. Gainera, ikasle bakoitzak bere maskara kirurgikoa eta azterketa egiteko materiala eraman beharko ditu.

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio (USE) probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak. Protokolo hori bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietara bidali da, eta UPV/EHUren webgunean ere kontsultatu ahal da. Osasun neurri horien artean, aglomeraziorik ez izateko, sarrera eta irteera mailakatzea gomendatzen da, bai eraikinerako bai azterketa geletarako. Ikasleak izen-abizenaren arabera deituko dira, ordu tarteka banatuta.

Gainera, ikasle bakoitzak bere maskara kirurgikoa eta azterketa egiteko materiala eraman beharko ditu, eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, eraikinen sarreretan ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.

UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC erakustazoka, Bizkaian, eta zenbait ikastetxe: hala nola Eibarko Armeria Eskola eta Eibar BHI, Gipuzkoan, eta BHI Ekialdea, Arabako campus inguruan. Ordutegiak ere moldatu egin dira aurreko edizioen aldean

Bestetik, COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, azterketak berregituratu egin dira. Bi helbururekin: alde batetik, proba malgutzea; bestetik, ikasleen aukera berdintasuna bermatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.758 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute astelehenean, uztailak 6, UPV/EHUn. Batxilergoko ikasleez gain, goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 836 ikasle gehitu behar dira. Iazko datuekin alderatuta, %8,6 gehiagok egingo ditu probak.

Batxilergoko 11.758 ikasle horietatik, 1.640k egingo dute Arabako Campusean, 5.801ek Bizkaikoan eta 4.287 Gipuzkoakoan. Eta LHtik datozen 836 ikasleetatik, 136k egingo dute Arabako Campusean, 379k Bizkaiko Campusean eta 307k Gipuzkoakoan.

Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen % 74k (8.677 ikasle) euskaraz egingo du, eta % 26k (3.051) gaztelaniaz. LHko ikasleei dagokienez, % 57k egingo du proba euskaraz, eta % 43k gaztelaniaz.