Eguenera arte egongo da #ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azoka bisitatzeko aukera

Eguenera arte egongo da #ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azoka bisitatzeko aukera
2022/03/22 eta kitto!
Gaur goizean zabaldu dute Abian Debabarreneko V. Lanbide Heziketa Azoka, Ipurua foball zelaiko instalazioetan, anexoaren azpian dagoen aparkalekuan. Hiru egunetan egongo da martxan #Abian azoka: gaur 14:30ak arte egongo da zabalik, bihar 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara eta etzi, berriz, 10:00etatik 14:30era zabalduko dituzte ateak. Sarrera librea izango da.

Edizio honetarako hitzarmena sinatu dute Debegesak eta SD Eibar Fundazioak. Abian azoka Debabarreneko zortzi udalek, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek antolatzen dute (Armeria Eskola, IMH, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Eibarko Oinarrizko LH eta Ermua-Mallabiko Oinarrizko LH), eskualdeko eskaintza ezagutzera emateko asmoz. Izan ere, Lanbide Heziketa ikasi nahi duten ikasleek badute non aukeratu, Debabarrenean bertan arlo ezberdinetako 47 ikasketa-ziklo egiteko aukera dago eta. Azoka martxan dagoen hiru egunetan Debabarreneko DBHko eta Batxilergoko 700 ikaslek baino gehiagok bisita gidatuak egingo dituzte, eskaintza bertatik bertara ezagutzeko.

[foogallery id="117124"]