Eibarko Unibertsitateko ikasleek greba mugagabeari ekin diote

Eibarko Unibertsitateko ikasleek greba mugagabeari ekin diote
2020/02/19 eta kitto!
Eibarko EHUko Energia Berriztagarrietako ikasleek greba mugagabeari ekin diote gaur, “ikasleen gehiengoaren babesarekin”, goizean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Zaldibarko luiziaren harira, batetik, Gobernuak eta enpresak egoera konpontzeko euren eskuetan dauden baliabide guztiak jarri behar dituztela uste dute. Eta bestetik, EHUk euren osasuna bermatzeko benetako neurriak hartu ditzala. Gainera, adierazi dute euren borrokak ez duela etenik izango azken neurri hori bete arte.

Gogoratu behar da, bestalde, gaur eta bihar egin behar zen Herri Unibertsitatea atzeratu egin dutela eta oraindik ez dela data berria zehaztu.

https://www.youtube.com/watch?v=Yb4TBfqQY38&feature=youtu.be

Honako oharra igorri digu Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimenduak (EUIM):

Eibarko Energia Berriztagarrien Ingenieritza Eskolako ikasleen izenean egiten dugu prentsaurreko hau, orain dela bi aste, otsailaren 6an zehazki, Zaldibarren gertaturikoaren inguruan, gure desadostasunak eta kexak azaltzeko asmotan. Azken finean, bai unibertsitatea eta bai ikasle askoren egoitza zabortegitik kilometro eskasera daude kokaturik eta egoerak zuzenean eragiten digu. Gainera, gure ikasketekin zerikusi zuzena duen gatazka dugu aurrean.

Zabortegiaren luiziaren ondoren, agerian geratu dira Verter Recycling enpresaren arduragabekeria eta baita Gobernuarena ere. Jasotako informazioaren arabera, zabortegiak hedatze bat aurrera eraman zuen baimenik gabe honek zekartzan arriskuekin batera. Ezbeharra gertatu baino lehen, bertako langileek arrakala batzuen agerpenari buruz informatu zioten enpresari. Hala ere, enpresak ez zuen kasurik egin. Beste aldetik, zabortegien kontrolaren ardura Gobernuarena den heinean, haiek ere badute arduraren parte. Haien esanetan enpresa zigortzeko zorian zeuden, baina behin ezbeharra gertatu ondoren. Istripuak bi langile hildako eta ingurunearen kutsadura eragin du, honek, inguruan bizi garenoi nola eragingo digun zehazki jakin gabe.

Baina arazoaren jatorria ez da Verter Recycling-era mugatzen, enpresa horren gestio onartezina ez baita egoera isolatu bezala ulertu behar. Enpresa horrek, beste guztien antzera, irabazia metatzearen beharra jarraitzen zuen, zenbat eta zabor gehiago orduan eta etekin handiagoa. Bost axola beraz langileen baldintzak eta ingurunea. Kontuan izan behar dugu ere Gobernuaren aparatuak sistema hau elikatzeko diseinatuak daudela, betiere klase boteredunaren interesetara, agintean nor dagoen inporta ez duelarik. Ondorioz, gertakari hau kontuan hartuz, zerk ziurtatzen digu ez dela beste inon berdina gertatuko?

Azken egunetan zabaldutako informazioari dagokionez, jasotako datuak kontraesanez beteta egoteak adarra jotzen ari digutela sentitzera eramaten gaitu. Alde batetik, aireko dioxina eta furanoen parametroek 40 aldiz gainditu arren osasunerako kaltegarriak ez direla diote. Bestetik, Osakidetzak kirolik ez egitea eta leihoak ez zabaltzea gomendatu digu; EHUk haurdun dauden emakumeak eta asmatikoak etxean geratzea gomendatu du; heziketa zentro ugarik ikasleak atsedenaldian kanpora atera daitezen debekatu dute; kanpoaldean ospatu behar ziren ekimen kultural asko bertan behera utzi dituzte, Eibarko Udalak aratosteekin egin duen... Guzti horrek demostratzen al du gure osasuna bermatua dagoela edo lasai egoteko egoera dela?

Hortaz, Eibarko Energia berriztagarrietako ikasleok grebari ekin diogu, gehiengo batek hau babestu duelarik. Lehenik eta behin uste dugu Gobernuak eta enpresak haien eskuetan dauden baliabide guztiak jarri behar dituztela egoera hau konpontzeko eta bigarrenik, eskatu nahi dugu EHUk gure osasuna bermatzeko benetako neurriak hartu ditzala. Haiekin kontaktuan jarri gara, eta adierazi diegu gure borrokak ez duela etenik izango azkeneko neurri hau bete arte.

Azkenik, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu lur jauzian desagertutako langileen familiei. Baita egoera honekin kaltetuak izan diren hiritar guztiei ere.