Euskal unibertsitateetako ikasleek internet bidez amaituko dute ikasturtea

Euskal unibertsitateetako ikasleek internet bidez amaituko dute ikasturtea
2020/04/08 eta kitto!
Alarma egoera dela eta, Internet bidezko prestakuntza bultzatzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak, eta 2019-2020 ikasturtea online amaituko dute unibertsitate horietako ikasleek. Eusko Jaurlaritzak eta euskal unibertsitateek berretsi dute ikasle bakar batek ere ez duela ikasturtea galduko koronabirusaren erruz.

Atzo arratsaldez bilera izan zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreekin eta adierazpen bateratua adostu zuten amaieran. Gaur egungo osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, ahaleginak lehentasun hauetan zentratzea adostu dute:

- Osasun-krisiari eta pertsonei arreta ematea unibertsitate-testuinguruan, unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna lehenetsiz.

- 2019-2020 ikasturtea osatzea, urrutiko prestakuntzara joz, larrialdietarako urruneko irakaskuntza-metodologiak erabiliz eta uneoro lehenetsiz ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta gaitasunak eskuratzea, titulazioetan formulatutako eran, ahalik eta kalitate-estandar onenekin.

- Aurrez aurreko jarduera esperimentaletan eta kanpoko praktiketan aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak arrazoizko neurrian lortzen direla ziurtatzea. Horretarako, unibertsitateek hainbat aukera baloratu ahal izango dituzte, hala nola, ikasgai horiek birprogramatzea, aurrez aurreko jarduerari mugak kentzen zaizkionean; praktikak prestakuntza-metodologia alternatiboekin osatzea, ahal denean; edo ezohiko jarduera profesionalak aitortzea.

-Jarduera akademiko presentzial batzuk planteatzeko aukera ematea, unibertsitate-jarduerara pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan, betiere unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduz, jarduera hori urrutiko modalitatean egitea ezinezkoa den kasu zehatzetarako.-

Baldintza sozio-ekonomiko, teknologiko edo bestelakoengatik urrutiko unibertsitate-prestakuntza normaltasunez baliatzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen zailtasun gehigarriak arintzea.

- Planifikatutako egutegi akademikoari eustea, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego-tesiak aurkezteari lotutako salbuespenetan izan ezik, bai eta titulazioen oinarrizko praktikak egiteko ere, ikasleen garapen akademiko egokia bermatzeko ahaleginak eginez.

Euskal unibertsitate-eskaintza akademikoaren eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate-erakundeen kalitatea bermatzea, eta bereziki, bereziki, larrialdi-egoeraren testuinguruan prestakuntza dualaren eta gaitzailearen kalitatea.

- Euskal unibertsitate-ekosistema indartzea urrutiko prestakuntzaren esparruan eta etorkizuneko balizko larrialdien aurrean eman beharreko erantzunen aurreikuspenean eta plangintzan.

Bestalde, enpresa-eragileekin izandako lankidetza sendoak prestakuntza dualeko eskaintzaren ikaskuntza-emaitzak lortzea bermatu du. Askotariko egoerak gertatu dira; ikasleen portzentaje handi batek telelanaren modalitatean jarraitu ahal izan du ikasten, beste zati bat beste enpresa batzuetara birbideratu da, eta abar. Ikasleen tutoretza oro har, irakasleen aldetik zein enpresen aldetik, mantendu egin da.