Hasi da We Make Debabarrena! STEAM Erronka

Hasi da We Make Debabarrena! STEAM Erronka
2023/05/16 16:54
eta kitto!
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak We Make Debabarrena! STEAM Erronka jarri du martxan eta guztira 27 esperimentu jaso dira bideoz. Ekimenak eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu eta helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntzan balioan jartzea. Atzo hasi zen erronka maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik.

Antolatzaileek azaldu dutenez, iaz bezala, bi irizpide erabiliko dira irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak %50eko pisua izango du sariaren azken puntuazioan: “Alde batetik, bideoen ikustaldiak kontabilizatuko dira eta bestetik, epaimahai batek hautatuko ditu kategoria bakoitzean irabazleak, irizpide konkretu batzuk kontuan hartuta. BPTDrekin (Basque Precision Technology District) eta STEAM bokazioarekin lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatzen dute epaimahaia”.

Eskualdeko 11 ikastetxetan egindako 27 esperimentu daude ikusgai. Parte hartu duten ikastetxeak Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola, Amaña LH, Arrateko Andra Mari, Samila Mutriku eta Eibarko La Salle Azitain dira.

Hiru kategoriatan sailkatu da erronka, LH4, LH5-6 eta DBH1-4. Bideoak honako estekan ikusi daitezke: https://bptdmakers.eus/steam-erronka/.

Maiatzaren 26an, arratsaldeko 15:00ak arte hartuko dira kontuan ikustaldiak eta, orduan, epaimahaiaren balorazioarekin bateratuko dira, irabazleak aukeratzeko. Maila-tarte bakoitzeko talde-irabazleak bi sari izango ditu aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuaren eskaintzetako irteera bat aukeran, edo 500 euroko erosketa-bonoa, eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskolako materiala erosteko (biak dira taldeko osoarentzat).

Erronka ixteko ekitaldi presentzial bat egingo da, ekainaren 2an Elgoibarko Aita Agirren, 11:00etatik 12:00etara. Ekitaldi horretan erronkako sariak banatuko dira eta magia ikuskizun batez gozatzeko aukera izango da Alain Zulaika, Niala Magoaren eskutik.

BPTD Makers proiektua

Eustaten arabera, Euskadin, lau urtetan, %17 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEAM ikasketetan. Lanbide Heziketatik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen %39 dira, hain zuzen, alor horietan titulatutakoak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berrien %9 baino ez dira Lanbide Heziketan, eta %31 unibertsitatean.

Gazteak eta batez ere neskak STEAM bokazioatara erakatzeko gero eta ekimen gehiago jarri dira abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. Horren adibide da Debegesa, Garapen Agentziak orain dela pare bat urte abian jarri zuen BPTD Makers proiektua. Horren helburua da eskualdean teknologia eta zientzia arloan egiten diren jardueran eskualde mailan ezagutu eta ikustaraztea. Gainera, ikastetxeak ere beraien eguneroko jardueran gero eta ekintza gehiago egiten dira STEAM hezkuntzan.