Ikasenpresa Azokak 444 proiektu jasoko ditu eguenean

0    Hezkuntza 
ETA KITTO ETA KITTO
Ikasenpresa Azokak 444 proiektu jasoko ditu eguenean
ETA KITTO 2020, Ots 03

EAEko Lanbide Heziketako 64 zentrotatik etorritako 444 proiektu aurkeztuko dira eguen goizean Untzagan egingo den 9. Ikasenpresa Azokan, iaz baino 68 gehiago. Tartean izango dira UNI, Armeria Eskola eta Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko ikasleek sortutako enpresak. Hiru karpa jarriko dituzte Untzagan 2.240 ikasle jasotzeko, baina azokan egongo direnak ez dira ikasturte honetan Ikasenpresa programan parte hartu duten bakarrak izango, guztira 82 zentrok, 5.100 ikaslek eta 1.070 Ikasenpresak hartu dutelako parte.

Gaur goizean egin da 9. Ikasenpresaren aurkezpena eta antolatzaileek adierazi dutenez, “solidaritatea eta jasangarritasuna sustatzen dituzten proiektu gehiago egiten dituzte urtetik urtera”. Hona hemen Ikaspenpresa Azokan aurkitu ahal izango diren proiektu batzuk: iraganeko bideo-jokoekin jolasteko makinak, desgaitasun-bisuala dutenentzako Escape Rooma, pertsona nagusientzako pilula-kaxa adimentsua, 3D erlojuak, burundanga bezalako sustantziak detektatzen dituzten lastotxo biodegradagarriak eta plastiko birziklagarrizko botilekin egindako ortu bertikalak, besteak beste.

Ikasturtean zehar Lanbide Heziketako ikasleek enpresa txiki bat jarri dute martxan eta enpresaren jarduera guztiak landu dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa…), eta eguenean egingo den azokan euren produktu eta zerbitzuak salduko dituzte. Ekintzailetasuna eta autoenplegua sustatzea, eta profesional on eta enpleagarriak eta pertsona aktiboak garatzea da Ikasenpresaren helburua.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »