Ikasleen ametsetako jolastokien maketak erakutsiko dituzte gaurtik aurrera Topalekuan Juan Antonio Mogel ikastolakoek

Ikasleen ametsetako jolastokien maketak erakutsiko dituzte gaurtik aurrera Topalekuan Juan Antonio Mogel ikastolakoek
2021/06/04 10:05
eta kitto!
Juan Antonio Mogel ikastolak “Jolastokien eraldaketan murgilduta” izeneko erakusketa zabalduko du gaur arratsaldean Topalekuan. Ekainaren 4tik 12ra bitartean egongo da ikustera joateko aukera, 18:00etatik 20:00etara (bihar eta etzi, arratsaldez zabaltzeaz gain eguerdian ere irekiko dituzte ateak, 12:00etatik 14:00etara).

Ikastetxetik azaldu dutenez, “irailean hasi genuen ibilbidetxo hau. Ikasturte hasieran haurrak xaxatu genituen eta beraien ametsetako jolastokia irudikatu zezaten eskatu genien. Banan-banan marrazkiak egin, beraien artean hitz egin, taldeka adostu eta ... azken finean, ametsak egia bihur zitezkeela sinestu. Helburua, gure jolastokiak poliki-poliki eraldatzen joatea da”.

Eskolako ikasle guztiak, 1. mailatik 6. mailara bitartekoak, plastikako irakasleen laguntzarekin, “proiektu txiki-erraldoi” honetan murgilduta ibili dira eta orain egindako lanaren emaitza erakusteko garaia da. Arreko astean eskolan egin zuten bezala, gaurtik aurrera Topalekuan egongo dira ikusgai ikasleen lanak: “Herriari zuzendutako erakusketa izango da eta denak zaudete gonbidatuta ikasleek egin dituzten artelanak ikustera joan eta horietaz gozatzera”.