Aitzol Astigarraga: “Irakaskuntza Masterra euskaraz eta online egiteko aukera dago UEUn”

0    Hezkuntza 
ETA KITTO ETA KITTO
Aitzol Astigarraga: “Irakaskuntza Masterra euskaraz eta online egiteko aukera dago UEUn”
ETA KITTO 2020, Ira 14

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), UPV/EHUren zentro atxiki gisa, euskaraz eta online eskainiko du irakaskuntzako masterra 2020/21 ikasturtean lehenengoz. Masterraren helburu nagusia da DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle eta hizkuntzen irakasle izango direnak prestatzea irakasle bezala beharko dituzten ezagutza eta konpetentzietan, euren bizitza profesionalean izango dituzten funtzioak modu ahalik eta eraginkorrenean betetzeko. Egoitza Eibarren izango du masterrak, Markeskua jauregian. Aitzol Astigarraga masterraren zuzendariarekin egin dugu berba.

Master berria sortu duzue UEUren baitan. Zein berritasun dakartza?
UEUk orain arte graduondo batzuk eskaini ditu, baina master ofiziala eskaintzen duen lehen aldia da. Zentzu horretan guretzat jauzi handia da. Irakasleak prestatzeko masterra egon badago EHUn, baina aurrez aurrekoa. Hemendik aurrera, UEUn online egiteko aukera egongo da.

Orain arte jende askok kanpoko unibertsitateetara jotzen zuen irakaskuntza masterra online egin nahi bazuen…
Aspaldiko eskaera da. Batetik, urtero, aurrez aurreko masterraren plazak bete egiten direlako, eta, bestetik, badagoelako jende asko (lanean dagoelako, familia-kontziliazioagatik edo mugikortasun-arazoa dutelako) aurrez aurrekoa ezin duena egin. Horientzako aukera bakarra Euskal Herritik kanpoko online masterretara jotzea zen, Errioxara, Madrilera…

Aitzol Astigarraga

Plaza guztiak, 120, ekaineko deialdian bete ziren. Zer dela-eta arrakasta hori?
Interes handia piztu du.  800 eskaeratik gora jaso ditugu. Argi ikusi da horrelako zerbaiten premia zegoela. Azken boladan, gainera, jende asko animatu da irakasle-ofizioa probatzera, beste lan batzuetan hainbat urtez egon ondoren.

Zeinentzako da masterra?
Goi-mailako unibertsitateko titulua izan eta Bigarren Hezkuntzan edo Lanbide Heziketan irakasle jardun nahi dutenentzako da. Hobeto ulertzeko, lehen “CAP” deitzen zitzaiona. Euskarazko B2 titulua eta ingelesezko B1 behar dira.

Zeintzuk dira masterrean eskaintzen dituzuen espezialitateak?
Lehenengo zatia denontzako berdina da eta irakasle izateko  ofizioaz eta pedagogiaz jarduten dugu. Bigarren zatian espezializazioak lantzen dira: ikasle bakoitzak bere arloari buruzko lanketa egiten du. Hiru dira eskaintzen ditugun espezialitateak: Giza eta Gizarte Zientziak; Hizkuntza eta Literatura; eta  Natur Zientziak eta Matematika. Praktikak ere berari dagokion arloan egingo ditu ikasle bakoitzak ikastetxeetan aurrez aurre, eta guk kudeatuko ditugu.

Praktikak derrigorrezkoak izaten dira?
Bai, eta, amaitzerakoan, ikasleek gehien baloratzen dutena egindako praktikaldi hori izan ohi da.

Berritasuna izanda, hasteko gogoz eta ilusioz egongo zarete, ezta?
Bai, gogotsu gaude. 120 ikasle izango ditugu eta 24 irakasle izango gara: unibertsitateko irakasleak, doktoreak, bigarren hezkuntzako irakasleak, hezkuntza ez formalean dihardutenak… Prest gaude, birtualki bada ere, ikasleak ezagutzeko, eta martxan jartzeko.

Nolako abantailak eta desabantailak ditu online irakaskuntzak?
Etxetik egitean distantziak gainditzen dira eta ordutegi aldetik ere malguagoa da, ez zaude ordutegi bati lotuta. Baina, gezurra ematen badu ere, disziplina handia eskatzen du. Goi-mailako ikasketak dira, egunero dedikatu behar zaio denbora eta askotan zaila egiten zaio jendeari.  Hala ere, kontuan daukagu jende asko lanean edo familia zaintzen dagoela, eta saiatzen gara ahalik eta malgutasun handienarekin jokatzen. Masterra urtebetean egiteko pentsatuta dago, baina batzuk nahiago izaten dute bi urtetan egitea.

Ikasketak online izan arren, egoitza Markeskua Jauregian daukazue, ezta?
Markeskuako beheko solairu osoa hartuko du Irakaskuntza Zentroak. Bost laguneko lantaldea egongo da bertan eta gure nahia da herriari ateak zabaltzea (herriko ikastetxeekin harremanak izatea, gure ikasleak herriko ikastetxeetan praktikak egitea edo bertan proiektuak burutzea…). Gure webgunean informazio guztia dago eskuragarri, baina askotan zalantzak edo beste edozein kontu sortzen dira, eta Markeskuan pozik azalduko diegu nahi duten guztia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »