Irakurketa Erraza: Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzen

0    Hezkuntza 
ETA KITTO ETA KITTO
Irakurketa Erraza: Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzen
ETA KITTO 2022, Ots 21

Gure gizarteko pertsona askok irakurmen-arazoak dituzte hainbat arrazoirengatik (immigrazioa, eskolatze eskasa, dislexia, zahartzaroa, adimen-desgaitasuna…). Informazioan eta ezagutzan oinarritutako gizarte batean, jende asko baztertuta geratzen da irakurtzeko zailtasunagatik. IRAKURKETA ERRAZAk arazo hori arintzen lagunduko duten irenbideak eman nahi ditu. Eibarren Irakurketa Errazaren kontzeptua zabaltzeko asmoz, Eibarko Udal Liburutegiak egun erdiko jardunaldia antolatu du martxoaren 3an. Zer dago Irakurketa Erraza kontzeptuaren atzean?

Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza elkartearen datuen arabera, herritarren %30ek zailtasunak dituzte normaltasunez irakurtzeko. Irakurketa Errazak irtenbideak eman nahi ditu egoera hori hobetzen laguntzeko. Irakurle berriak sortzen, irakurzaletasuna berreskuratzen eta irakurketa-maila hobetzen laguntzen du.

Irakurketa Errazak bi printzipio ditu oinarri: irakurketaren demokrazia eta kolektibo jakin batzuen gizarteratzea, irakurketaren bidez. Haren helburua da irakurketa hurbiltzea irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonengana.

Bi kolektibo mota daude irakurtzeko zailtasunak dituztenen artean: alde batetik irakurtzeko zailtasun iragankorrak dituzten pertsonak: immigrazioa, irakurtzen berandu hasi izana, eskolatze eskasa, ikaskuntza-nahasmenduak… Eta, bestetik, irakurtzeko zailtasun iraunkorrak dituzten pertsonak: adimen-desgaitasuna, zahartzaroa…

Kolektibo zabala da, zalantza barik, eta material espezifikoen funts bat behar du irakurketaz gozatu ahal izateko, kultura eta informaziorako eskubidea izateko, gainerako herritarrek bezala.

irakurketa erraza

Martxoaren 3ko saio berezia Juan San Martin liburutegian
Egun horretan, martxoaren 3an, Irakurketa Errazaren inguruko saio berezia egingo da Juan San Martin Liburutegian, bertako Irakurketa Errazaren funts bibliografikoa aurkeztu asmoz. Lehenengo, Blanca Mata ‘Lectura Fácil Euskadi – Irakurketa Erraza’ elkarteko arduradunak Irakurketa Errazaren kontzeptua eta hura garatzeko aukerak aurkezteko hitzaldia eskainiko du 17:30ean.
Hitzaldiaren ondoren, herriko zenbait elkarterekin (ATZEGI, AGIFES, EPA eta San Andres egoitza) eta erabiltzaileen gurasoekin mahai-ingurua egingo da, Irakurketa Errazak irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei nola laguntzen dien azaltzeko.

Espazio berriak udal liburutegian
Juan San Martin Liburutegia 2014tik ari da alor hori lantzen. “Azken hilabeteetan Irakurketa Errazeko materialetarako genuen espazioa aldatu dugu, eta leku bat egin diegu bai helduentzako liburutegian eta baita haur liburutegian ere”, azaldu digu Eva Alberdi liburutegiko arduradunak.

Irakurketa Errazaren berezko materialez gain, “Interesgunea” zabaldu dute irakurketa eskuragarriko materialekin, alegia, normaltasunez irakurtzea eragozten duen zailtasunen bat duten pertsonengan pentsatutako materialekin.

Hiru irakurketa-klub daude Eibarko liburutegian eta Irakurketa Errazeko liburuen loteak eramaten dituzte. “Pandemiaren eraginez ohiko jarduna moldatu egin da, baina elkarteek asko erabiltzen dituzte liburu hauek. Gainera, Liburutegian euskaraz dauden Irakurketa Errazeko ia liburu guztiak dituzte eta asko erabiltzen dira”, esan digu Evak.

Irakurtzea, plazera eta eskubidea
“Jasangarritasun soziala lortzeko funtsezko elementuetako bat —10 GJHetan islatuta dagoena—, zalantzarik gabe, informazioa eskuratzeko bidea demokratizatzea da. Pertsona guztien artean benetako aukera-berdintasuna lortzeko, eta pertsona horiek kultura, literatura eta informazioa eskuratu ahal dezaten, pertsona guztiek beren eskubideak maila berean baliatzea eragozten duten oztopoak kendu behar dira”, azaldu digu Evak. Informazioan eta ezagutzan oinarritutako gizarte batean, pertsona asko baztertuta geratzen dira irakurtzeko zailtasunagatik; “Pertsona horiek ezin dute irakurketa komunikatzeko, informatzeko, prestatzeko edo aisialdirako bitarteko gisa erabili”, dio.

Irakurketa Errazeko materialak zera dira: irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurtzeko eta ulertzeko arreta bereziz prestatutako liburuak, dokumentuak, webguneak eta halakoak. IFLA erakundeak (Liburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioa) emandako jarraibideak betetzen dituzte, edukiari, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Irakurketa errazaren kontzeptua eta bilakaera 70. hamarkadan sortu zen, Europako iparraldeko herrialdeetan. Espainiara 2002an iritsi zen Catalunyako Asocciació Lectura Fácil delakoaren eskutik, eta orain arte lurralde horretan bakarrik izan du garapen handia. Euskal Autonomia Erkidegoan 2012an sortu zen Lectura fácil-Irakurketa Erraza elkartea. Irakurketa-demokraziaren eta, irakurketaren bidez, gizarteratzearen printzipioan oinarrituta, Irakurketa Erraza pertsona horien bizi-kalitatea aberasteko bidea da. ■

Umeen liburutegia_irakurketa erraza

Umeen liburutegian Irakurketa Errazari emandako espazioa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »