Motibazio-saioei ekin die …eta kitto!-k eskoletan

Motibazio-saioei ekin die …eta kitto!-k eskoletan
ETA KITTO 2021, Urr 07

Joan zen astean hasi zen …eta kitto! Euskara Elkartea euskararen erabilera areagotzeko motibazio-saioak eskaintzen Eibarko hainbat eskolatan, eta Lanbide Heziketako ikasleak izan dira jasotzen lehenak. Ikastetxe horietako ikasleen artean euskara bultzatzeko premiatik sortu zen orain dela urte batzuk Lanbide Heziketako lan-mahaia, eta bertan daude Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzua, ikastetxeak eta …eta kitto! Euskara Elkartea. Ikasleen artean D eredua bultzatzeko eta, orokorrean, euskara sustatzeko hainbat ekimen antolatzen ditu mahaiak urtean zehar eta horien artean daude motibazio-saioak.

Ainara Lavado …eta kitto!-ko teknikariak ematen ditu tailer horiek: “Zenbait urte daramatzagu saioak eskaintzen, bereziki A ereduko taldeetan. Asko dira, euskara ulertzeko gai diren ikasleak izanik, A eredua hautatzen dutenak eta D ereduan ikastearen abantailaz edo onuraz ohartzen ez direnak. Euskarak lan munduan eta orokorrean ekarriko dizkien onuraz jabetu daitezen eta euskareriko atxikimendua lantzen saiatzen gara. Gaur egun euskara urruti sentitzen duten gazteak ditugu ere”. D ereduko hainbat taldetan ere eskaini ditu hitzaldiak, baina “talde horietan saioak beste norabide bat hartzen du; ahalduntzeaz, aktibazioaz eta euskaldunon eragile edo trakzio lanaz jarduten dugu”. Armeria Eskolako hamahiru taldetako ikasleek hartu zuten parte joan den asteko tailerretan eta aste honetan Unibertsitate Laboraleko bederatzi taldetako ikasleen txanda izan da. “Ikasleen partaidetza eta interesa altua izan da eta gerora ikusiko dugu hausnarketatik ekintzara pasatzen diren”, dio Ainarak.

Urriko bigarren hamabostalditik aurrera Eibar BHI, Aldatze eta La Salleko DBH 1. mailako ikasleek jasoko dituzte motibazio-saioak. Guztira 1.400 ikasle inguruk jaso dituzte.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »