Raquel Riera eta Danel De Prado: “Energia-komunitateen inguruan potentzial handia du Eibarrek”

Raquel Riera eta Danel De Prado: “Energia-komunitateen inguruan potentzial handia du Eibarrek”
2022/10/28 eta kitto!
Joan den asteburuan Climathon Eibar 2022 egitasmoa egin zen Hezkuntza Esparruan. Bertan, parte-hartzaileek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko proposatutako zenbait erronkei egin behar zieten aurre eta EHUko Hiri eta Komunitate Adimenduak Erasmus Mundus Masterreko (SMACCs) ikasleek irabazi zuten sari nagusia.

Bigarren sarirako bi proiektu aukeratu zituzten, tartean Raquel Riera eta Danel De Pradorena. Kanariarra bat eta nafarra bestea, EHUk Eibarko egoitzan eskaintzen duen Energia Berriztagarrien Graduak ekarri zituen gurera, besteak beste, eta Eibarren bizi dira orain dela zenbait urte. Horrela, eurek aukeratutako erronkak herriarekin du zerikusia: Eibarko udalerrian energia-komunitatea diseinatzea eta abian jartzea, autokontsumo-eredurik erabili gabe.

 

Zergatik aukeratu zenuten erronka hori?

RAQUEL: Erronka interesgarria iruditzen zitzaidan eta Eibarren zentratzea plus bat izan da, hemen bizi naizelako. Bestetik, autokontsumo-eredurik ez erabiltzearen kontua ere erakargarria egiten zitzaidan, normalean energia-komunitateak horretan oinarritzen direlako. Gainera, komunitatearen arloa ere oso interesgarria egiten zitzaidan.

Elkarlanean egin zenioten aurre erronka horri, baina nola?

DANEL: Raquelek eta biok bagenuen eskarmentua Climathon-en, iaz taldea osatu genuelako beste bi lagunekin. Aurten Raquelek eman zuen izena eta, bakarrik ibili behar zenez, berarekin aritu nahi nuen galdetu zidaten.

RAQUEL: Mesede egin zenidan, egia esan (barreak). Izan ere, Climathon-en parte hartzeko puntu garrantzitsu bat talde-lana egitea da. Horrez gain, Danelek ideiak ematea eta proiektua elkarrekin garatzea oso ondo etorri zitzaidan.

Hiru egunetan eman behar zenioten erantzuna erronkari. Zer egiteko gauza izan zineten denbora horretan?

RAQUEL: Hori da Climathon-en puntu garrantzitsuetako bat. Izan ere, egun bat eta erdi duzu proiektua garatzeko eta, gero, aurkezpena prestatu behar duzu. Orduan, denbora kontuan izan behar duzu eta noraino iritsi nahi duzun erabaki. Arazoa izan zen noraino jarraitu eta zenbat kalkulatu erabakitzea. Beraz, proiektuaren oinarriak planteatzea, egin nahi duguna ondo ulertaraztea eta aurrerago gauzak egiteko aukera ematea erabaki genuen. Hau da, ideia ondo iristea izan zen gure asmoa.

DANEL: Informazio asko bildu eta transmititu dezakezu, baina azkenean kontua da 15 minututan aurkeztu behar duzula guztia eta hiru egunetan ez dela energia-komunitate bat garatzen.

Beraz, aurkezpena ondo prestatzea eta ideiak ondo helaraztea ere garrantzitsua izango zen, ezta?

RAQUEL: Zapatu osoa eduki genuen proiektuan lan egiteko eta horretan ibili ginen buru-belarri, aurkezpena albo batera lagata. Baina, noski, zuk garatutako ideia entzuleei eta epaileei igorri behar diezu, eta denboraz nahiko juxtu ibili ginen hori lantzeko. Beraz, aurkezpenean urduri ez jartzeko txarteltxo eta diapositiba batzuk prestatu genituen. Bestetik, Gradu Amaierako Lana (GRAL) gai horren inguruan egin nahi dudanez, aurkezpena nik bakarrik egin nuen, proiektua aurkezten nola sentitzen nintzen ikusteko batez ere.

DANEL: Gainera, Raquel iaz ezin izan zen proiektuaren aurkezpenean egon eta horrela arantza kendu zezakeen.

Zer planteatzen duzue Climathonen aurkeztutako proiektuan?

DANEL: Erronka Eibarren energia-komunitatea diseinatzea eta abian jartzea zen, plaka fotovoltaikoen autokontsumo-eredurik erabili gabe. Azken finean, gaur egungo energia-komunitate gehienek autokontsumoa edo partekatutako autokontsumoa erabiltzen dute, eta beste alternatiba batzuk bilatu behar izan genituen. Energiaren zatian bakarrik zentratzeaz gain, komunitatea sortzearen ideian sakondu genuen. Hau da, komunitatea nola eratu, zeintzuk izango ziren komunitatearen parte eta baita komunitatearen alor pedagokikoa lantzea ere (besteak beste, komunitatearen parte izango zirenentzat zenbait zerbitzu eskaintzea).

RAQUEL: Energia-komunitate baten barruan sortu daitezkeen sareek energia fotovoltaikoa sortze hutsak baino gehiago laguntzen dute trantsizio energetikoan. Beraz, autokontsumo fotovoltaikoaz gain dauden onura horiek guztiak nabarmentzen saiatu gara, eta era berean beste autokontsumo mota batzuk planteatu genituen.

Beraz, zuen lana kalkulu eta arlo teknikoetatik haratago joan da?

RAQUEL: Orokorrean, horrelako ingeniaritza-proiektuak garatzen direnean beti aipatzen da zenbat plaka fotovoltaiko jarriko ditugun, zenbat galdara… Eta kontsumoa murriztera zentratuko bagina? Ba interesgarriagoa izango litzateke. Izan ere, kontua ez litzateke izango energia ekoiztea bakarrik, baizik eta murriztea ere bai. Gero eta energia gutxiago behar badugu, orduan eta gutxiago ekoiztu beharko dugulako.

DANEL: Horrez gain, pobrezia energetikoaren gaiari nola heldu pentsatu genuen. Eibarren nahiko hedatuta dagoen arazoa da, herriko eraikinak eta instalazio termikoak nahiko zaharkituta daudelako. Ondorioz, jendeak ez du baliabide ekonomiko nahikorik bere etxea konfort egoeran mantentzeko. Hau da, pobrezia energetikoaren arrazoi bakarra ez da pobrezia ekonomikoa. Etxean diru-sarrera batzuk izan ditzakezu, baina etxebizitzaren baldintzak ez badira hain onak konforterako eta horretarako diru-kopuru handia bideratu behar baduzu, hor dago arazoa.

Raquel, esan duzunez, orain zure asmoa ideia hau GRAL-ean garatzea da?

RAQUEL: Hori da! Horregatik, hasieratik nuen argi erronka hau benetan egingarri izatea ahalbidetuko lukeen puntu batetik hastea nahi nuela. Eibarrek zer behar duen eta zer egin daitekeen aztertzea da asmoa. Energia-komunitateen inguruan potentzial handia ikusten dut, gauza asko egin daitezke, eta ez dago gauzak ez egiteko beharrik. GRAL-a garatzeko gogoa dut, baina ez dut nahi paperean bakarrik geratzea, eredu erreala bihurtzea nahiko nuke. Orduan, Climathon-en gure erronka planteatu zuen Tormesh enpresarekin elkarlanean tesia garatu nahi dut eta bizilagunen komunitateei, Udalari, elkarteei eta abarrei eman nahi diet horren berri.

Zer behar da tesia paperetik errealitatera eramateko?

RAQUEL: Eibartarrek proiektuarekin bat egitea. Kontua ez da proiektua polita eta bideragarria dela ikusaraztea, baizik eta jendeak proiektu hori aurrera eraman nahi izatea. Eurek ez badute nahi, ez dago ezer egiterik.

Eibarren EHUren Energia Berriztagarrien Gradua dugu, Climathon egitasmoa egiten da… Nolako pisua du herriak energia berriztagarrien inguruan eta alderantziz?

DANEL: Unibertsitatea irla moduko bat da herrian bertan. Hemen Energia Berriztagarrien Gradua ikasten dugu, baina gero herrian ez dugu hain hedatuta ikusten energia berriztagarrien aplikaziorik. Gainditzeke dagoen ikasgaia da. Adibidez, zentral hidroelektriko bat dago abandonatuta Txonta auzoan.

RAQUEL: Asko dago egiteko eta Energia Berriztagarrien Gradua hemen egotea aprobetxatu beharko litzateke, ni bezala ikasle asko dagoelako gauzak egiteko gogoz.