35 urte beteko dituen Udal Euskaltegiak 2019-2020 ikasturtea aurkeztu du

35 urte beteko dituen Udal Euskaltegiak 2019-2020 ikasturtea aurkeztu du
2019/09/11 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute ikasturte berria 35 urte beteko dituen Udal Euskaltegian. Azaldu dutenez, ikasturte honetan ere euskera ikasi nahi dutenentzat eskaintza zabala dauka: euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak, autoikaskuntza, azterketetarako prestaketa (IVAP, Osakidetza, HABE) eta C1/EGAtik gorako C2 ikastaroak. Gainera, titulu ofizialak lortzeko aukera ere eskaintzen du. Sorkunde Juaristi zuzendariak gaineratu duenez, "bestalde, aurten ere gurasoentzako eskolak emango dira, “Gurasoak ere eskolara” kanpainaren barruan. Klase horiek umeen ikastetxeetan edo Portaleko geletan jaso ahal izango dira eta Euskara Sailarekin eta AEK Euskaltegiarekin lankidetzan antolatzen ditugu”.

Egun osoan, 08:00etatik 21:00etara egoten dira klaseak eta, gainera, euskaltegiak hainbat dirulaguntza eskaintzen ditu Eibarren erroldatutakoentzat: aurreko ikasturtean asistentzia ona izan duten ikasleek %20ko deskontua izango dute; jubilatu, guraso, merkatari eta hainbat enpresatako langileek %50 gutxiago ordainduko dute; eta DBE edo DBL jasotzen dutenentzat deskontua %75ekoa da. 2019-20 ikasturterako matrikulazio epea zabalik dago eta izena emateko Portaleko 2. solairura joan behar da. Matrikula epea irailaren 25era arte egongo da zabalik. Informazio gehiago nahi izanez gero, euskaltegira deitu (943 700912 telefono zenbakira) edo, bestela, euskaltegia@eibar.eus helbidera idatzi.

Esan dutenez, 2019-20 ikasturterako kanpainarako goiburua “Euskararekin match! Egin gurekin bat” da, “mezu garbia, zuzena, euskeraz bizi eta euskera biziarazteko”. Kanpainaren harira, bestalde, Gipuzkoa eta Bizkaiko udal euskaltegietako hainbat ikasle eta irakaslek bideo labur bat egin dute eta grabazioan Eibarko Udal Euskaltegiak ere hartu du parte. Dagoeneko ikusgai dago Youtuben, Facebooken… baita www.eibar.eus webgunean ere.

https://youtu.be/6BUyjw3WhJo

Euskaltegiaren 35. urteurrena

Datorren apirilean Udal Euskaltegiak 35 urte beteko dituela eta, urteurrena gogoratzeko jarduera bereziak izango dira ikasturte osoan zehar. Lehena ikasturteari hasiera emateko urriaren 8an egingo den ekitaldia izango da: “Arratsaldeko 19:00etan izango da, Portaleko areto nagusian, eta besteak beste Miguel de los Toyos alkatea eta Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia gonbidatuko ditugu. Gainera, Beatriz Egiazabal klown eta aktorearen bakarrizketarekin gozatzeko aukera ere izango dugu”.