UIBk ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntza emateko babes sarea abiarazi du

0    Hezkuntza 
CDwes76
UIBk ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntza emateko babes sarea abiarazi du
ETA KITTO 2020, Api 16

Salbuespen-egoeran aurrez aurreko irakaskuntza etenda, ikasleen egoera “zaildu egin dela” azaldu dute UIBko kideek. Internet bidezko klaseek “ez dituztela ikasleriaren beharrak errealki asetzen” salatu dute, baita azterketen datak eta horien nolakotasunen inguruko ezagutza ezak “planifikatzeko ezintasuna” eragiten duela ere.

Ondorioz, UIBk (Unibertsitateko Indar Batasunak) IKASLE BABES SAREA ekimena jarri du martxan. Baliabide honen eskaintza Euskal Herri osoko ikasleei bideratuta dago. Babes Sareak bigarren hezkuntzako (DBH eta Batxilegoa) zein unibertsitateko ikasleei ikasketekin dituzten zalantzak argitzeko ikasketa-laguntza eskaintzen die. Horretarako, unibertsitateko ikasle talde bat irakasgai desberdinetan laguntza eskaintzeko lanean ari da. Honako irakasgai hauetan eskainiko du laguntza Ikasle Babes Sareak: fisika, kimika, teknologia, marrazketa teknikoa, biologia, geologia, matematika –gizarte zein zientzien arlokoa–, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, latina, grekera, filosofia, historia, artearen historia, ekonomia eta geografia.

Laguntza eskatu nahi duenak, UIBrekin harremanetan jarri besterik ez du; ‘uibnazionala@gmail.com‘ helbidera idatzita, 688 64 66 97 telefono zenbakira deituta eta Twitter (@UIBnazionala) edo Instagram (@uib_nazionala) sare sozialetara idatzita. Ikasle Babes Sareko kide bat zuen zalantzak edo arazoak konpontzen ahaleginduko da, egokiena deritzozuen bidea erabiliz: Skype, Hangouts, korreoz edo telefonoz. Interneteko konexiorik edo gailurik ez baldin baduzue, jarri harremanetan eta konponbideren bat aurkitzen ahaleginduko da Ikasle Babes Sarea.

Bestetik, apunteen bankua jarri du martxan UIBk. Horrenbestez, hainbat ikasketetako apunteen bilketa egiten ari dira Ikasle Babes Sareko kideak, ikasteko materiala edonorentzat Interneten eskuragarri jarriz. Apunteen banku horretara sartu nahi duten ikasleek, honako lotura honetara sartu besterik ez dute: https://mega.nz/folder/mmJigCJS#82x26oOt3jfdz8u…. Apunte banku hau aurrera eraman ahal izateko, garrantzitsua da mezua zabaldu eta aukera duenak ekarpena egitea ‘uibnazionala@gmail.com‘ helbidera idatzita.

“Bizitzen ari garen krisi egoera honetan argi geratu da hezkuntza instituzioek aldaketa substantzialak mahaigaineratzetik urrun ikasleok jasan beharko ditugula gertaera honen ondoiro okerrenak. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu ikasleen ikas baldintza eta bizi baldintzak aldarrikatu zein hauen defentsa aurrera eramateko mekanismoak sortzea”, adierazi dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »