Untzaga Euskalgune bihurtuko da apirilaren 5ean

Untzaga Euskalgune bihurtuko da apirilaren 5ean
2019/04/02 eta kitto!
DBH-ko 3. mailako ikasleak eusLider egitasmoa lantzen hasi ziren ikasturte hasieran hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz. AEK-Ahize hizkuntza zerbitzuak, Eibarko Udalak, Akebai plataformak eta ikastetxeak dihardute elkarlanean proiektu honetan, eta hilabete hauetan zehar egindakoa herriari erakutsi ahal izango diote apirilaren 5ean. Izan ere, Euskalgunea egitasmoa antolatu dute, euskararen erabilera modu dibertigarri eta parte-hartzailean bultzatzeko ekimena.

 

Eibar BHI (Jardinetako eta Arratebideko zentroak), Aldatze eta La Salleko DBH-ko 3. mailako ikasleek hartu dute parte eusLider egitasmoan, baina hiru fasetan banatu da ikasturteko lana. Lehen fasean, erakundearen atxikimendua eta parte hartzaileekin jakinmina asetzeko kanpaina egin zuten. Bigarrengoan proiektuaren arduradunek aurrez aurreko hiru saio egin zituzten ikasleekin, eta jendearen portaeran aldaketa eragin dezaketen faktoreak lantzeko informazio esanguratsua eman zitzaien saio horietan, aldatzeko motibazioa landu eta horren beharra ikusarazteko. Eta hirugarren fasean, eusLider bezala jarraitzeko izena eman zuten boluntarioekin, aurrez aurreko beste hiru saio egin zituzten. Saio horietan ekintza sozial bat garatzeko lanketa egin zuten eta horren emaitza da Euskalgunea, apirilaren 5ean Untzagan egingo duten egitasmoa.

Aimar Osa, Lucia Amas, Judith Leiton, Leire Gomez eta Leire Etxebarria dira Euskalgunea antolatzen ibili diren hainbat eusLider. Ginklikana, Euspintxo lehiaketa, Eusmoda desfilea eta beste hainbat proba egiteko aukera egongo da Euskalgunean, eta photocall-a ere jarriko dute. “Kutxa batean erropa zaharrak jarriko ditugu eta jendeak argazkia egin ahal izango ditu erropa horiekin”, esan digu Etxebarriak. “Gero argazkiak ‘...eta kitto!’-n erakustea pentsatu dugu”.

EusLiderrek bi hilabete daramatzate proiektu honetan lanean eta gogotsu daude apirilaren 5eko zitaren aurrean. “Oso itxura ona dauka”, Osaren iritziz. Ikasturtean zehar eusLider egitasmoarekin konpromezua hartu dute eusLiderrek, eta nahiz eta ikastetxe ezberdinetakoak izan, bikain moldatu dira Euskalgunea antolatzeko. “Polita da, gainera, pertsona gutxiren artean Euskalgunea bezalako gauza handi bat antolatu izana”, Amasek esan digunez.

EusLiderrek Euskalgunearen berri eman dute ikastetxeetan eta ikasleek izena eman dute Untzagan egingo diren probetan parte hartzeko. Dena dela, herritar guztiak Euskalgunera gonbidatzen dituzte. “Edozein joan daiteke, ikustera behintzat”, esan digu Etxebarriak. “DBH-ko 3. mailakoek hartuko dute parte ekintzetan”, Amasen berbetan, “eta Euspintxo lehiaketan parte hartzeko izena eman behar izan badute ere, beste probetan edozeinek hartu dezake parte”. Azken finean, euskera modu dibertigarrian erabiltzeko antolatu dute Euskalgunea. “Euskeraz ondo pasatu nahi dugu”, Osak dioenez.