Zabalik dago UEUren Udako Ikastaroen matrikula

Zabalik dago UEUren Udako Ikastaroen matrikula
2019/06/13 eta kitto!
Udarako 15 ikastaro eta 3 jardunaldi antolatu ditu UEUk Eibarren. Iaz bezala, aurtengo goiburua ELKAR EKIN da. Kepa Sarasola UEUren zuzendariak azaldutakoaren arabera, “udakoak elkarlanean antolatu eta jakintza berriak sortzen direla azpimarratzeko asmoz. Gure izaeran dago elkargune izatea, eta udako ikastaroek ere hori islatzen dute. Ikastaro hauek auzolanean antolatzen ditugu pertsona eta erakundeekin, eta elkarlan horretatik ekiten diegu proiektu berriei, jakintza berriei. Eibarko aurtengo edizio hau, besteak beste ALDEE, Iratzar Fundazioa eta EMAUS Fundazioarekin antolatu dugu, bai eta gure bazkide eta kolaboratzaileekin ere. Denei eskerrak eman nahi dizkiet, eta aurrerantzean lanean jarrituko dugula espero dut”.

Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroen arduradunaren berbetan, “35 jarduera antolatu ditugu aurten guztira. 100 ikastaro proposamen jaso ditugu eta aukeraketa egitea zaila izan da, jasotako ideiak oso onak izan direlako. Horietatik 15 ikastaro eta 3 jardunaldi Eibarren, Markeskuan eskainiko ditugu”.

Urtero bezala, landuko diren gaiak berriak izango dira eta dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean. Gogora ekarri dutenez, ikasle, langabetu eta jubilatuentzat matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk, Berrialagunek UEUko bazkideek duten deskontu bera izango dute eta Eibarko Udalak dirulaguntzak ematen ditu ikastaroetara doazen herritarrentzat.