50 plazako aparkaleku berria eraikiko da Ardantzan

50 plazako aparkaleku berria eraikiko da Ardantzan
2023/01/02 eta kitto!
Eibarko Udalak lizitazio-prozesua hasi du, Aldatze kaleko 2. zenbakian dauden lursailetan, Ardantzako babes ofizialeko etxebizitzen urbanizazioaren aurrean, aparkaleku-eraikin bat egiteko proiektua idazteko. "Egitasmo horri esker, 50 aparkaleku-plaza baino gehiago jarri ahal izango dira herritarren esku, haietatik 21 estaliak", azaldu dute Udaletik.

Proiektua idazteko eskaintzak aurkezteko epea ireki ondoren, interesa duten enpresek urtarrilaren 16ra arte izango dute beren proposamenak aurkezteko aukera. Proiektuaren idazketa 58.080 eurotan (BEZa barne) atera da lizitaziora, eta enpresa adjudikaziodunak 17 asteko epea izango du egitasmoa idazteko.

Azaldu dutenez,  "Udalaren helburua da bi solairuko garaje-eraikin bat egitea, Ardantza kaleko 11-15 zenbakien artean dagoen lorategi-espazioa aprobetxatuz; edozein kasutan, azpiegitura berria espazioan integratu beharko da.  Horrela, eraikinak funtzionalitatea eta abangoardiako arkitektura uztartuko ditu eta, aldi berean, ingurumena errespetatuko du. Ingurunearekin bat egingo du leunki, eta estalkian bizilagunen aisialdirako zuhaitzak eta berdeguneak izango dituen toki bat bermatuko du".

Jon Iraola alkateak zera esan du: "Kontziente gara aparkaleku-eraikina egiteak egungo lorategi-eremua kentzea ekarriko duela, eta, eremu horrek —duen inklinazioagatik bere osotasunean erabili ezin bada ere— ingurua berdatzen duela.  Horregatik, eta aparkaleku berria ahalik eta gehien integratzeko, aisialdirako berdegune  bat izango du,  ingurunean modu natural eta jasangarrian integratuko dena”.

Gainera, alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela berrogeita hamar aparkaleku-plaza sortzea Ardantza bezalako toki batean; izan ere, horri esker, “Eibarko erdigunean aparkalekuaren arazoa nabarmen arindu ahal izango da”.

Ardantzako aparkaleku berrien proiektu honek segida ematen die Udala lantzen ari den beste batzuei, eta guztien helburua da, ahal den neurrian, herriko hainbat tokitan  dagoen arazoa arintzea. "Legarren duela gutxi egokitu eta ireki den aparkaleku-espazioaz gain, Udalak, plaza gehiago sortzeko, beste proiektu batzuetan ere lan egiten dihardu. Horren adibide dira laster emakidara edo kontzesiora aterako diren Asola-Igartzako aparkalekuak. Gainera, laster aterako dira emakidara, baita ere, Ipuruako futbol-zelaiaren anexoan dauden udal-aparkalekuak. Plazen baldintzak eta adjudikazio-sistema laster emango dira ezagutzera; horrekin batera, beste proposamen batzuk aztertzen ari dira Amaña, Urki edo Urkizu auzoetan",  esan dute.