Abian da Eibarren aparkalekuak gehitzeko plana

Abian da Eibarren aparkalekuak gehitzeko plana
2021/06/14 eta kitto!


Errebal eta Ipuruan sortutako aparkalekuei Ardantzan eta Legarren aurreikusitakoak gehituz gero, 320 plaza berritik gora izango dira herrian. Horrekin batera, Udala beste alternatiba batzuk aztertzen ari da herriko beste toki batzuetan, hala nola Amañan, Urkin eta Urkizun.

Udalaren planak 2021. urte honetan izango ditu bere lehen emaitzak. ‘Errebal Plazia’ funtzio anitzeko eraikinaren aparkaleku-gune berria hemendik aste batzuetara irekiko da, alegia, 200 plaza berri gehiago egongo dira herrigunearen erdian, horietatik 101 emakidako garajeak izango dira eta beste ehun bat txandakako parking bat; dudarik gabe plaza berri horiek arindu egingo dute ingurune horretan dagoen premia.

Udalak, halaber, Ipuruako auzotarren esku 38 aparkaleku berri jarriko ditu, udal lursailetan egin berri den eraikinean (aurretik Moja Kontzpetzionisten komentuarena zena), Ipurua futbol-zelaiaren anexoan. Plazen baldintzak eta adjudikazio-sistema Errebaleko aparkalekuetarako erabili diren berberak izango dira, eta laster emango dira argitara. Plaza horiek balioko dute, baita ere, ingurune horretan dauden arazoak arintzeko.





Bestalde, Aldatze kaleko 2. zenbakian dagoen Udalaren lurzatian (Ardantzako babes ofizialeko etxebizitzen urbanizazioaren aurrean), Udalak bi solairuko aparkaleku-eraikin berri bat (beheko solairua eta lehen solairua) eraikitzeko asmoa du.  Horri esker, gutxi gorabehera 58 aparkaleku berri sortuko dira.

Proiektuaren idazketa 2021eko aurrekontuaren kargura enkargatuko da. Udalaren asmoa da eraikin berri horrek diseinu zaindua eta modernoa izatea, ingurunean ezin hobeto txertatzea, eta, gainera, ingurua aisialdirako eta lorategietarako gune osagarriz hornitzea, lehendik daudenak osatuz. Oraingoz ez da erabaki zer erabilera-araudi emango zaien aparkaleku horiei.

Bestetik, eta aurtengo ekitaldirako Eusko Alderdi Jeltzaleak egindako zuzenketa baten ondorioz, aurtengo bigarren seihilekoan Udalak aparkaleku-gune berri baten exekuzioa aterako du lizitaziora; aparkaleku-gunea Legarreko auzoaren sarreran dago, saihesbidetik joanda. Jarduera horrekin bikoiztu egingo da dagoen aparkaleku-kopurua, 26 plazatik 53 plazara igaroko baitira; halaber, ingurua urbanizatuko da eta irisgarritasuna hobetu. 700.000 euroko aurrekontuarekin, obra 2022. urterako egongo da amaituta. Udalak era asmoa du Legarren obra garrantzitsuak egiteko San Andres Egoitzaren azpian dauden udalaren garajeak hobetzeko; lanak datorren urtean egingo lirateke, eta balioko dute auzo honetan garaje-kopuru esanguratsu bat izateko.

Gainera, eta auzoetan aparkatzeko dauden zailtasunen jakitun, Udala antzeko proiektuak aztertzen ari da Amaña, Urki eta Urkizu auzoetan; horien xehetasunak proiektuak taxutu ahala ezagutuko dira, oso fase aurreratuan baitaude.