Andretxea berria hartuko duen eraikinaren barruko egokitzapen-lanak laster hasiko dira

Andretxea berria hartuko duen eraikinaren barruko egokitzapen-lanak laster hasiko dira
ETA KITTO 2022, Mar 24

Gaur goizean Jon Iraola alkateak eta Patricia Arrizabalaga Berdintasuneko zinegotziak prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Isasi kalean Andretxeako egoitza berria hartuko duen eraikinaren barruko egokitzapen-lanak laster hasiko dira, obrak UTE Urdinberri-Viuda de Sainz sozietateari 917.437 eurotan (BEZa barne) esleitu eta gero. Lanak egiteko epea 37 astekoa izango da eta, beraz, aurreikuspenak betez gero, Andretxearen instalazio berriak datorren hiruhilekorako martxan jartzeko moduan izango dira.

Agerraldian adierazi dutenez, eraikinak bildu beharko dituen zerbitzuak eta espazioen banaketa definitzerako orduan Berdintasun Sailaren eta Emakumearen Mahaiaren planteamenduak kontuan hartu dira, “dagoen azalera ahalik eta gehien aprobetxatuz”.

Egokitzapen lanei esker, besteak beste, eraikinaren aldeetako bat berreskuratuko da, “multzoarekin harmonizatuz. Eta Astelena pilotalekurako sarbideak ere hobetu egingo dira, gaur egun duena baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa eginez. Era berean, larrialdietako ebakuazioa ere hobetuko da”.

Andretxeko eraikin berriaren espazioen banaketaren arabera, Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da: bertan harrera-lekua, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat egongo dira. Lehen solairuan, Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikorako bulegoak egongo dira, baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat.

Bigarren solairuan, berriz, liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat egongo dira.  Gainera, erdisotoan, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko eszenatoki txiki bat egongo da.

Alkateak nabarmendu duenez, “eraberritze-lan hauek, duela urte batzuk eraikinean egin ziren obrekin batera, emakumearen ahalduntzerako garrantzi handiko erreferentzia-puntu bihurtuko dute gune hau, eta bertan jarduerak garatu eta ezagutza berriak eskuratu ahal izango dituzte”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »