Aste honetan hasiko dira epaitegi zaharrean gazteentzako etxeak egiteko lanak

Aste honetan hasiko dira epaitegi zaharrean gazteentzako etxeak egiteko lanak
2022/07/12 08:49
eta kitto!
Eibarko Udalak exekuzio-proiektua onartu eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari obrak egiteko lizentzia eman eta gero, Bittor Sarasketa kaleko 5. zenbakian dagoen epaitegi zaharreko eraikinean gazteentzako apartamentuak egiteko lanak aste honetan bertan hasiko direla jakinarazi dute.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusi duenez, lanak uztailaren 15a baino lehen hasiko dira, “hala, uda aprobetxatuz, egin beharreko eraikineko barne-eraispenak egin ahal izateko”. Azaldu dutenez, “epaitegi zaharreko eraikinak urteak daramatza hutsik eta oso hondatuta dago. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak birgaitu egingo du, egitura eta eraikuntza-parametroei eutsiz eta erabilera berri batera egokituz. Horretarako, beheko solairuaren eta lehenengo solairuaren artean dagoen solairuartea eraitsiko da, eta komunikazio-nukleoa aldatuko da, erabilera berrira egokitzeko. Gainera, estalkia laua izango da, eta bertan eguzki-xaflak jarri eta hainbat terraza sortuko dira”.

Adierazi dutenez, eraikinaren birmoldatze integrala egingo da, udalerrian bizi diren gazteentzako alokairuko 19 zuzkidura-bizitoki sortzeko (pertsona batentzat edo birentzat). Ordainduko den errenta gazteen ahalmen ekonomikoari egokituta egongo da eta merkatu librekoa baino askoz ere txikiagoa izango da, gaur egun hirian dagoen eskaerari erantzun ahal izateko.

Hiru solairu izango ditu eraikinak eta solairu bakoitzean sei apartamentu egongo dira, haietako bost logela batekoak izango dira eta bat bi logelakoa. Logela bateko etxebizitzen azalera 35 eta 39 metro kuadro bitartekoa izango da eta bi logelako etxebizitzek 58,5 metro kuadro izango dituzte. Etxebizitza egokitu bat ere egingo da eraikinaren etxabean eta 57,62 metro kuadro izango ditu. Bestalde, apartamentu guztiek terraza txiki bat izango dute.