Asteburuan jokatuko diren kirol probek aldaketak eragingo dituzte trafikoan eta garraio zerbitzuetan

Asteburuan jokatuko diren kirol probek aldaketak eragingo dituzte trafikoan eta garraio zerbitzuetan
2021/04/09 eta kitto!
Asteburuan hainbat kirol proba jokatuko direla eta, trafikoan hainbat aldaketa egongo direla gogorarazi dute Udaltzaingotik: bihar 18:30ean Eibar eta Levante taldeen arteko partidua jokatuko da Ipuruan eta, hori dela eta,  J.A. Mogel eta Indalezio Ojanguren kaleetan ohiko eremuak seinaleztatuko dira.

Horrez gain, Itzuliaren 6. etapa jokatuko da bihar (Ondarroa-Arrate) eta, hori dela eta, Arraterako sarrerak goizean goizetik itxiko dituzte, baserri eta jatetxeetan bizi direnentzat izan ezik. Horrekin batera, sarbide guztiak 15:00etan itxiko dira. Lasterketa bi aldiz igaroko da Eibartik: lehenengoan, 16:20ak aldera iritsiko da eta Azitaingo industrialdetik Arraterantz igoko da; bigarrenean, Bizkaitik ailegatuko da eta, Otaola etorbidea zeharkatu eta Amaña auzora sartu ondoren, Arrateko helmugarantz igoko da, errepide nagusitik. 17:30ak aldera iristea aurreikusten da .

Eta domekan, Valentziaga Memoriala ospatuko da. Proba 09:30ean hasiko da, Untzaga plazatik, eta Arratera eguerdiko 13:30ean iritsiko da. Hori dela eta, Eibar-Arrate eta Arrate-Eibar autobusaren 11:00etako eta 13:00etako zerbitzuak bertan behera geratuko dira.